Mundua -

Londresko atentatua

Poliziak Londresko atentatuaren hirugarren terrorista identifikatu du

Erresuma Batuko Poliziak baieztatu du atentatuaren hiru egileak nortzuk izan ziren. Hiru erasotzaileak tirokatuta hil zituzten, zazpi lagun hil eta ia 50 pertsona zauritu ostean.

Hiru terroristak. Argazkia: Erresuma Batuko Polizia
Atentatua Londresen. EFE
Londresko hirugarren erasotzailea identifikatu dute

1:40

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batuko Poliziak baieztatu egin ditu larunbatean Londresen izandako atentatuaren hiru egileen nortasunak: Khuram Shazad, 27 urtekoa eta Pakistango jatorria duen britainiarra; Youssef Zaghba, aita marokoarra eta ama italiarra zituen 22 urteko gaztea; eta Rachid Redouane, 30 urtekoa eta Marokokoa edo Libiakoa.

Shazad eta Redouane Barking auzoan bizi ziren, Londresko ekialdean. Hiru erasotzaileak tirokatuta hil zituzten, Londresko zubiaren inguruan eta Borough merkatuan zazpi lagun hil eta ia 50 pertsona zauritu ostean.

Poliziak hirugarren terroristaren nortasuna baieztatu du: Youssef Zaghba, aita marokoarra eta ama italiarra zituen 22 urteko gaztea izan zen eraso terroristan parte hartu zuen beste pertsona. 2016an atxilotu zuten Italian atxilotu zuten, Siriara heltzeko asmoz Turkiara zihoan hegazkin bat hartzeko prest zegoenean.

Bestalde, Poliziak adierazi du Rachid Redouanek marokoar eta libiar gisa aurkezten zuela bere burua, eta beste nortasun bat ere erabiltzen zuela, Rachid Elkhdar 26 urteko gizasemearena, hain zuzen ere.

Poliziak eta inteligentzia zerbitzuek bazuten Shazaden berri, baina ez zekiten eraso bat prestatzen ari zela, eta ez zuten inolako susmorik. Redouanen kasuan, aldiz, segurtasun indarrek ez zuten ezagutzen.

Ikerketak aurrera egin ahala, datu berriak zabaldu dira. Antza denez, Erresuma Batuko Poliziak eta inteligentzia zerbitzuek Londresko atentatua egin zuten terroristetako baten berri zuten, baina ez zekiten gaur egun eraso bat prestatzen ari zenik. Hala, Khuram Shazad Butt ikerketapean egon zela zabaldu ondoren, polemika handia piztu da Londresen.

Poliziak orain arte izandako portaera eta hartutako erabaki guztiak defendatu ditu, iaz Erresuma Batuko telebista kate batek jihadisten ekintzen inguruko dokumental bat zabaldu zuen arren. Besteak beste, Butt ageri zen bertan.

Erresuma Batuko Poliziak terrorista baten berri zuela eta inteligentzia zerbitzuek ikerketaren arreta jaistea erabaki zutela zabaldu ostean, kritika ugari jaso dituzte. Alabaina, Mark Rowley Poliziako kideak orain arte hartutako erabakiak defendatu ditu.

Horren esanetan, ez zegoen jakiterik Shazad gaur egun eraso bat prestatzen ari zela, eta, ondorioz, ikerketapean jarraitzen zuen arren, arreta jaistea erabaki zuten.

Biktimak

Martxan dago biktimen nortasuna senideei jakinarazteko prozesua, baina Poliziak aitortu du “denbora” behar duela, hildakoetako batzuk atzerritarrak zirelako.

Erasoa izan ostean ospitaleetara eraman zituzten 48 lagunetatik 36k ospitalean jarraitzen dute, 18k egoera kritikoan, Scotland Yarden arabera.

12 atxilotuak, libre

Bi nortasun horien berri eman baino lehen, Cressida Dick Londresko Metropolitar Poliziaren Zerbitzuko buruak azaldu du identifikatuta dituztela hiru terroristak, eta bakarrik edo beste kide batzuen laguntzaz aritu ote ziren ikertzen ari dira orain.

Atzo 12 pertsona atxilotu zituztela (dagoeneko libre daude, kargurik gabe) baieztatu du Scotland Yardeko arduradunak BBC telebista-kateari egindako adierazpenetan. Egindako miaketetan, "informazio asko" atzeman dutela ere erantsi du.

Horren hitzetan, pertsonak eta ekitaldiak "babesteko" misio ugari ditu martxan Poliziak: "Eskala handiko erantzuna da".

Dickek elkarrizketa eskaini baino minutu batzuk lehenago, atentatuaren inguruko informazio eguneratua eman du Londresko Metropolitar Poliziak Twitter bidez. Bertan azaldu duenez, hainbat lagun atxilotu dituzte Newham eta Barking auzoetan egindako miaketetan. "Norabide askotan egiten ari gara lanean", zehaztu dute.

Estatu Islamikoak bere gain hartu du Londresko atentatua. Larunbat gauean (Erresuma Batuan 22:00ak zirenean; Euskal Herrian, 23:00ak) izan ziren erasoak. Furgoneta zuri batek dozenaka pertsona harrapatu zituen Londresko zubian. Hiru lagun zihoazen barruan.

Borough merkatura joan ziren ondoren, eta, hara iritsitakoan, ibilgailutik jaitsi ziren eta aurrean topatu zituzten pertsona guztiei eraso zieten, labanaz. Poliziak tiroz hil zituen hirurak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Erresuma Batua Atentatuak bideoak Jihadismoa hoy Gaurko azken orduko albistea Londres Maroko azken ordukoa Pakistan