Mundua -
atentatu bikoitza londresen
May: Londresko atentatua mundu askearen aurkako erasoa izan zen
Alerta bigarren mailarik altuenean mantentzea erabaki dute. 48 zaurituetatik, 21 egoera kritikoan daude.
agentziak
Theresa May Britainia Handiko lehen ministroak gaur, astelehena, esan duenez, hamar hildako (horietatik hiru, terroristak) eta 48 zauritu eragin zituen atentatuak "Londresen eta Erresuma Batuaren aurkako erasoa izan zen, baina baita mundu demokratikoaren aurkakoa ere". 48 zaurituetatik, 21 egoera kritikoan daude.
Downing Streeten egindako prentsaurrekoa batean, Mayk adierazi du mehatxu terroristaren gaineko alertak bigarren mailarik altuenean (bostetik) mantentzea erabaki dutela atentatuaren ostean.
"JTAC terrorismoari buruzko analisien zentro independenteak baieztatu du mehatxu-alertak maila larrian jarraitzen duela; horrek esan nahi du probabilitate handia dagoela eraso terrorista bat gertatzeko". Gainera, "segurtasun neurri gehiago ezarri dira, besteak beste, Londresko zenbait zubi" babestu, esan du Mayk BBC eta Sky Newsen kameren aurrean egindako adierazpenetan.
Gainera, baieztatu duenez, Poliziak larunbateko hiru terroristak identifikatzea lortu du, baina ez dute nortzuk diren jakinaraziko "ikerketek ahalbidetu arte". Era berean, Mayk azaldu du 11 pertsona atxilotu dituztela atentatuarekin lotura dutelakoan.
"Londresen eta Erresuma Batuaren aurkako erasoa izan da, baina baita mundu askearen aurkakoa ere", azpimarratu du Mayk. Lehen ministro britainiarraren esanetan, "tamalez" gertakarian izan ziren biktimak "hainbat herrialdetakoak dira". Oraindik, baina, ez dituzte biktimen jatorriak zehaztu.
EIak atentatua aldarrikatu du
Estatu Islamikoak atentatua aldarrikatu du bart. Taldeak Amaq albiste agentziaren bidez aldarrikatu du ekintza, BBC telebista kate britainiarrak zabaldu duenez.
"Estatu Islamikoaren segurtasun gerlarien unitate batek egin ditu Londreseko erasoak", esan du ISISek bart 22:26ean (23:26ean, gurean) zabaldutako oharraren bidez.