Mundua -
ATENTATU BIKOITZA LONDRESEN
Estatu Islamikoak Londresko atentatua aldarrikatu du
"Estatu Islamikoaren segurtasun gerlarien unitate batek egin ditu Londreseko erasoak", esan du ISISek ohar baten bidez.
agentziak
Estatu Islamikoak larunbat gauean Londresko erdigunean izandako atentatua aldarrikatu du bart. Erasoan zazpi biktima hil eta hiru terrorista hil ziren.
Taldeak Amaq albiste agentziaren bidez aldarrikatu du ekintza, BBC telebista kate britainiarrak zabaldu duenez.
"Estatu Islamikoaren segurtasun gerlarien unitate batek egin ditu Londreseko erasoak", esan du ISISek bart 22:26ean (23:26ean, gurean) zabaldutako oharraren bidez.
Atentatua larunbateko 22:00ak aldera hasi zen (23:00etan, gurean). Erasotzaileek gidatzen zuten furgoneta zuri batek hainbat pertsona harrapatu zituen Londresko zubian. Soilik leku horretan 30 pertsona zauritu zituzten gutxienez, Londresko Anbulantzia zerbitzuak Twitterren duen kontuaren bidez zabaldu duenez.
Ondoren, furgoneta Borougheko Merkatura (aisialdirako zentroak eta jatetxeak daude bertan) abiatu zen. Heldu zirenean, ibilgailutik jaitsi eta zenbait pertsona sastatu zituzten, segurtasun indarrek tiroz hil aurretik.
Guztira, erasoak 10 minutu iraun zuen. Erasotzaileek (guztiak gizonezkoak) lehergailuz jositako txalekoak zeramatzatela uste zirudien, baina beranduago baieztatu ahal izan zen gezurretakoak zirela, Mark Rowley Scotland Yardeko komisarioaren laguntzailearen esanetan.
Ondoren, Sadiq Khan Londresko alkateak adierazi duenez, zaurituetako batzuk egoera kritikoan daude, hori dela eta, baliteke hildako kopurua handitzea datozen orduotan.
12 atxilotu
Londresko Poliziaren arabera, 12 pertsona atxilotu dituzte Erresuma Batuko hiriburuan atentatuaren ostean, Londresko zubian eta inguruan izandako eraso terroristarekin harremanen bat izan dezaketelakoan.
Espainiar bat, desagertuta
Bestalde, igande arratsaldean jakitera eman zutenez, 39 urteko espainiar bat desagertuta dago, eta ikusi zuten azken aldian erasoak gertatu ziren lekuan zegoen.
Bere familiak sare sozial baten bidez zabaldu duenez, Las Rozasekoa de Ignacio Echeverria Londreseko zubian zegoen eraso terroristak izan ziren unean.