Mundua -
LONDRESKO ATENTATUA
Poliziak libre utzi ditu Londresen atxilotutako 12 lagunak, kargurik gabe
Hasiera batean ospitaleratu zituzten 48 pertsonako 36k ospitalean jarraitzen dute, eta horietako 21 egoera kritikoan daude.
Agentziak | Erredakzioa
Londresko Poliziak gaur jakitera eman duenez, hamabi pertsona atxilotu ditu Erresuma Batuko hiriburuan, Londresko zubian eta inguruan izandako eraso terroristarekin loturaren bat izan dezaketelakoan, baina iluntzerako libre utzi ditu guztiak, kargurik gabe. Segurtasun indarrek miaketak egin dituzte goizean goizetik Barking distrituan.
Erresuma Batuko hedabideei hainbat lekukok adierazi dietenez, Barking auzoko King's Road kalean dagoen apartamentuz betetako eraikin bat inguratu dute poliziek, eta eztanda batzuk izan dira, lekuko horien arabera. Auzo horretan bizi zen erasotzaileetako bat.
50 tiro inguru bota zituzten
Mark Rowley Londresko Poliziaren komisarioordeak azaldu duenez, zortzi agentek egin zuten tiro hiru erasotzaileen aurka Borough Market azokan, eta lehergailuen beldur zirenez, 50 tiro inguru bota zizkieten.
Rowleyk adierazi duenez, tiro kopuru horrek "ez dauka aurrekaririk", eta, hori dela eta, ikerketa abiatu dute. Izan ere, Erresuma Batuko Poliziak normalean ez darama su-armarik, eta berehalako mehatxua dagoenean bakarrik erabil dezakete, eta ahalik eta tiro gutxien eginez.
Dena dela, Rowleyk azpimarratu duenez, egoera "kritikoa" zen, eta "balizko bonba bat" zeraman terrorista bati aurre egin zioten agenteen "ausardia" nabarmendu du
Rowley berak gaineratu duenaren arabera, polizia-operazioan izandako tiroketaren ondorioz, pertsona bat zauritu zen, eta ospitalean dago.
Egoera "kontrolpean"
Londresen larunbat gauean izandako erasoetan, zazpi lagun eta ustezko hiru erasotzaileak hil ziren, Poliziak baieztatu duenez. Hasiera batean, 48 zauritu ospitaleratu zituzten, horietako 36k ospitalean jarraitzen dute, eta horietako 21 egoera kritikoan daude.
Poliziak uste du ez dagoela erasotzailerik ihes eginda, eta, ondorioz, egoera "kontrolpean" dagoela azpimarratu du.
Espainiar bat, desagertuta
Bestalde, igande arratsaldean jakitera eman zutenez, 39 urteko espainiar bat desagertuta dago atzo gauetik, eta ikusi zuten azken aldian erasoak gertatu ziren lekuan zegoen.
Familiak sare sozial baten bidez baieztatu duenez, Madrilgo Las Rozas udalerriko Ignacio Echeverria Londresko zubian zegoen eraso terrorista izan zen unean.
Zortzi minututan
Cressida Dick komisario nagusiaren hitzetan, segurtasun indarrek zortzi minutuan behar izan zituzten ustezko hiru erasotzaileak mendean hartzeko.
Segurtasun indarrek 22:08an jaso zituzten lehendabiziko deiak, furgoneta batek Londresko zubian oinezkoen kontra egin zuela ohartaraziz.
Zubian hainbat oinezko harrapatu ondoren, Borough Market merkaturantz joan ziren, eta ibilgailutik jaitsi eta herritarrei labanaz erasotzen hasi ziren bertan.
Erasoa egin zuten ingurua itxita dago oraindik, bertara ez joateko deia egin du Poliziak, eta bertan bizi diren herritarrei etxetik ez ateratzeko eskatu diete.
Segurtasun neurriak handitu dituzte Londresen, eta polizia ugari ikus daiteke kale nagusiak zaintzen.
Poliziak lasaitasunerako deia egin du, baina, aldi berean, arretaz ibiltzeko eta "susmagarri" diren ekintza guztien berri emateko eskatu die herritarrei.