Mundua -
Irailaren 2an
Washingtonen izango da Israel eta Palestinaren arteko bilera
Hillay Clinton Estatu idazkariak esan duenez, "estatusaren zehaztasunak, urtebeteko epean konponduta egon litezke".
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako Gobernuko presidenteak israeldarrak eta palestinarrak gonbidatu ditu irailaren 2an Washingtonen egingo den batzarrera bake elkarrizketak berrabiarazteko asmoz, Hillary Clinton Estatu idazkariak zabaldu duenez.
"Elkarrizketa ez zuzenen ostean, Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarra eta Mahmud Abas Palestinar Aginte Nazionaleko presidentea gonbidatu ditut irailaren 2an bil daitezen, negoziaketa zuzenak berrabiarazteko eta gure ustez urtebeteko epean konponduko diren estatus finalaren nondik norakoak zehazteko", Clintonen arabera.
Orain dela 20 hilabete bertan behera utzi zituzten negoziazioak 2008ko abenduaren eta 2009ko urtarrilaren artean israeldarrek Gazan egindako erasoaldiaren ondorioz.
Laukoteak negoziazioak babesten dituela jakinarazi du eta 1967an hasitako "okupazioarekin" bukatzeko gai den akordioa lortu nahi dutela adierazi dute. Ildo horretan, Estatu palestinar independentea eta israeldarrekin bakean eta segurtasunez bizi izateko akordioa izan behar duela gaineratu dute.
Netanyahuk AEBetako gonbidapena onartu du; "bakea lortzea zaila da baina ez da ezinezkoa", esan du eta hori dela eta, herri bien arteko bakea lortzeko negozioei ekingo die. Era berean, Israelgo segurtasuna babestuko duela gaineratu du, Yediot Aharonot egunkari israeldarraren arabera.
Bestalde, palestinarrek premiazko bilera bat egin dute gonbidapenari erantzuna emateko.