Mundua -
Asia
Sri Lankan 180 pertsonatik gora hil dira uholdeetan
Erlojuaren kontra ari dira lanean euriteen ondorioz desagertutako ehunka lagunak bizirik erreskatatzeko.
agentziak | erredakzioa
Sri Lankan erlojuaren kontra ari dira lanean uholdeen ondorioz desagertuta dauden ehunka pertsonak bizirik erreskatatzen saiatzeko, ostegunean hasitako euriteek dagoeneko 180 hildako utzi baitituzte.
Armadako eta Hondamendien Kudeatzeko Zentroko langileak uhartearen hegoaldean eta hego-ekialdean ari dira lanean, montzoiarekin lotutako euriteek gogorren jo dituzten inguruetan.
Hala ere, Armadako talde bat ez da nahikoa izaten ari Athwelthotan lan egiteko, guztira 39 pertsona baitaude desagertuta duela bi egun izandako luizi baten azpian.
Luiziak ez du lurraren gainean etxebizitza bat bera ere utzi, eta, orduak igaro ahala, inor bizirik aurkitzeko probabilitatea gero eta txikiagoa da.
Kalatura barrutian bezalaxe, herrialdeko 25 barrutietako 14 antzeko egoeran daude, dagoeneko 180 hildako, 100 desagertu eta 557.500 kaltetu utzi dituen euriteengatik. Hala, 2004ko tsunamitik izan den hondamendi natural larriena izaten ari da.
Sri Lankak ia 50 urtez jasan duen lehorte handienaren ostean iritsi da montzoia.