Mundua -

2003an iritsi ziren

AEBen borrokarako tropak joan dira Iraketik

Iraken Askatasuna Operazioan 4.400 soldadu estatubatuar eta 100.000 irakiar hil dira. Hala ere, AEBetako 50.000 soldaduk Asiako herrialdean jarraituko dute beste lan batzuk egiten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBen borrokarako azken tropek dagoeneko alde egin dute Iraketik eta Kuwaiten daude AEBetara itzuli aurretik. Estatu Departamentuak "historiko"tzat jo du momentua, 2003an hasi zen Iraken Askatasuna Operazioa amaitu delako.

"Momentu historikoa da", adierazi dio P.J. Crowley Estatu Departamentuaren bozeramaileak MSNBC telebista kateari, AEBek Iraken duten misioa oraindik ez dela amaitu argitu aurretik. "Gerra amaitzen ari gara, baina gure lana ez da amaitu Iraken", esan du Crowleyk. Era berean, AEBek Asiako herrialdearekin "epe luzeko konpromisoa" hartu duela, eta 50.000 soldadu inguruk indar irakiarrak trebatzeko lanean jarraituko dutela azpimarratu du.

Borrokarako tropak erretiratuta ere, Etxe Zuriak eta Pentagonoak ez dute amaitutzat eman borroka misioa, abuztuaren 31rako aurreikusita dago eta.

2003an hasi zen

Iraken Askatasuna Operazioa 2003ko martxoaren 20an hasi zen, George W. Bush AEBetako presidente zenean. Sadam Husein urkatuta hildako diktadoreak suntsipen ahalmen handiko armak zituela uste zuen eta hori Mendebaldearentzat arriskutsua zelako hasi zuen misioa.

4.400 soldadu estatubatuar baino gehiago hil dira ordutik, eta Iraq Body Count gobernuz kanpoko erakundeak dio irakiarren artean 100.000 inguru direla 2003tik hil direnak.

Obamak konpromisoari eusten dio

Barack Obama AEBetako presidenteak Ohion egin dituen adierazpen batzuetan, bere konpromisoa bete duela eta Irakeko milaka soldadu erretiratu dituela esan du.

"Presidente izateko hauteskunde-kanpainan hartu nuen konpromisoa betetzen ari naiz, eta abuztu amaierarako 100.000 soldadu aterako ditut Iraketik eta borrokarako misioa amaituko da", gaineratu du Obamak Ohioko gobernadorearen aldeko ekitaldi politiko batean.

Azken 18 hilabeteetan 90.000 soldadu inguru atera dira Iraketik, eta Irakeko Gobernuarekin akordioa lotu ostean, AEBetako tropek 2011 amaiera aldera utziko dute Irak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea