Mundua -
Manchesterreko atentatua
Trumpek filtrazioak muturreraino ikertuko dituela hitzeman du
AEBko presidenteak filtrazioen inguruko ikerketa bat egingo dutela esan du, eta fiskalak dagoeneko hartu ditu neurriak.
agentziak | erredakzioa
Donald Trump AEBko presidenteak esan du ikerketa eskatuko duela Manchesterreko atentatuaren inguruan bere segurtasun zerbitzuek egindako filtrazioak argitzeko.
"Filtrazio horiek denbora luzez gertatu dira, eta nire Gobernua muturreraino iritsiko da", hitzeman du Trumpek Etxe Zuriak zabaldutako prentsa-ohar batean.
Trumpen arabera, informazio konfidentzialaren "ustezko filtrazioak oso kezkagarriak" dira eta "mehatxu larria dira segurtasun nazionalarentzat".
"Justizia Departamentuari eta beste agentzia batzuei eskatu diet gaiaren inguruko ikerketa zabala egiteko eta errudunak egongo balira, lege guztia ezarri beharko litzaieke", iragarri du.
Horren harira, Jeff Sessions AEBko fiskal nagusiak jakinarazi du "beharrezko pausoak" eman dituela Gobernuko agentzien filtrazioei aurre egiteko.
Bestalde, Theresa May lehen ministro britainiarrak esan du Donald Trumpi segurtasun handiagoa eskatuko diola inteligentziarekin lotutako informazioa trukatzeko, eta harreman horrek "konfiantzan" oinarritua izan behar duela.
"Argi adierazi behar diot Trumpi inteligentziaren inguruan segurtasun erakundeek egiten duten informazio trukea modu seguruan egin beharra dagoela", adierazi du Mayk Bruselan NATOk egin duen bileraren atarian.
Izan ere, Erresuma Batuko agintariak haserre agertu dira Manchesterreko atentatuaren inguruan AEBko segurtasun zerbitzuek egindako filtrazioengatik.