Mundua -
Atentatua Manchesterren
Poliziak uste du Manchesterreko erasoa 'talde terrorista' batek egin zuela
Herenegun, atentatuaren ustezko egilearen anaia atxilotu zuten eta atzo beste sei pertsona atzeman dituzte, erasoarekin lotura izan dezaketelakoan, baina goizaldean emakume bat aske utzi dute.
Agentziak | Erredakzioa
Polizia britainiarrak "oso argi" dauka joan den astelehenean Manchesterren izan zen atentatua "sare terrorista" batek egin zuela. Hala adierazi du gaur Ian Hopkins polizia-buruak.
Horrez gain, baieztatu egin du erasoan polizia bat hil zela. Guztira, 22 lagun hil zituzten.
Hopkinsek jakinarazi duenez, Manchesterreko zonalde ezberdinetan "miaketa zorrotzak" egiten ari dira eta goizean kontrolpeko leherketa bat burutu dute hiriguneko eraikin batean.
"Sare baten atzetik gabiltza eta ikerketa handia dugu eskuartean, baina bide onetik doa", erantsi du.
Goizean polizia-operazioa izan da Manchesterreko tren-geltokitik hurbil dagoen apartamentu bloke batean. Hiru gizonezko atxilotu dituzte atentatuarekin zerikusia izan dezaketelakoan. Arratsaldean beste susmagarri bat atzeman dute Wiganen, Manchesterretik 30 bat kilometrora, eta emakume bat Manchester iparraldean, baina ostegun goizean aske utzi dute, hortaz, sei dira atxilotuak. Iluntzean, berriz, beste atxiloketa bat izan da Ingalaterra erdialdean. Atzo, ustezko erasotzailearen anaia atzeman zuten Manchesterren. Beraz, sei dira orain arte atxilo hartutakoak.
Bestalde, Hopkinsek argitu du Manchesterreko kaleetan ez dagoela militarrik, baina Armadaren laguntza ere badutela.
Atentatuan 22 pertsona hil ziren eta beste 64 lagun zaurituta daude, horietako 20 egoera larrian.