Mundua -
Atentatua Manchesterren
Erresuma Batuak alerta maila gorena jarri eta Armada zabaldu du
Alerta maila gorenak esan nahi du erasoa jaso dezaketela "berehala". Salman Abedi Manchesterren jaio zen eta, antza, trenez heldu zen Londresetik atentatuaren egunean.
agentziak
Theresa May lehen ministro britainiarrak iragarri du Erresuma Batuak alerta maila "kritikoa" jarri duela indarrean, 1etik 5erako eskalan maila gorena, eta Armada zabalduko duela Manchesterren izandako atentatuaren ostean segurtasuna bermatzeko.
Alerta maila gorenak esan nahi du jaso dezaketela "berehala"; hori dela eta, Indar Armatuetako kideak poliziekin batera arituko dira lanean hainbat lekutan, Mayk Downing Streeten egindako agerraldi batean jakinarazi duenez.
Hala, Armada britainiarrak Buckingham jauregia, Parlamentua, Downing Streeteko egoitza eta enbaxadak zainduko dituzte, Erresuma Batuan alerta egoera gorenena ezarri eta gero.
Militarrek, era berean, segurtasuna indartuko dute Londreseko kaleetan eta bestelako leku garrantzitsuetan, besteak beste, merkataritza-zentroak, tren geltokiak eta estadioak.
Soldaduak Scotland Yarden aginduetara arituko dira, "leku klabeetan" segurtasuna sendotzeko, zehaztu dutenez.
Cobra larrialdi batzordean segurtasun indarretako eta inteligentzia zerbitzuetako buruekin bigarrenez bildu ostean, Mayk ohartarazi du Salman Abedi terroristak babes sarea izan zezakeela.
"Egun osoan egindako lanak erakutsi digu ezin dugula baztertu erasoarekin lotutako pertsona talde bat izateko aukera", adierazi du Mayk, gainerako alderdi politikoekin batera ekainaren 8ko hauteskundeetako kanpaina bertan behera utzi ostean.
Michael Fallon Defentsa ministroak oniritzia eman dio "Tempora" deituriko operazioari, Poliziaren esku 5.000 soldadu jartzeari.
2014tik alerta maila laugarren koskan zegoen, bigarren altuenean, erasoa jasotzeko "aukera handiak" daudenean jartzen den mailan.
Bestalde, gizon bat atxilotu du bart Poliziak Stansted aireportuan, Londreseko iparrean, Siriara bidaiatu nahi zuelakoan, helburu terrristekin, Poliziak azaldu duenez. Edonola ere, atxilotuak ez omen dauka zerikusirik Manchesterreko atentatuarekin.
Hauteskunde-kanpaina, bertan behera
Ekainaren 8an egitekoak diren hauteskunde orokorretarako kanpainak bertan behera jarraituko du, kontrakoa esan arte, Manchesterreko atentatu suizidaren ondotik alerta egoera gorenena ezarri ostean, gaur, asteazkena, alderdi politikoek baieztatu dutenez.
Hala, Jeremy Corbyn zuzentzen duen Alderdi Laboristaren eta Tim Farronek gidatzen duen liberaldemokrataren kanpainek etenda jarraituko dute.
Bozeramale laborista baten esanetan, hauteskunde egutegiak bertan behera jarraituko du, berririk izan arte, liberaldemokraten moduan.
Terrorista, identifikatuta
Salman al Abeidi erasoa egin zuen hirian bertan jaio zen, eta errefuxiatu libiarren semea da, Tripoliko Segurtasun iturriek jakitera eman dutenez.
Aipatu iturrien arabera, Al Abeidi 1994an jaio zen Manchesterren, eta Muamar al Gadafiren diktaduratik eta errepresiotik ihesi Erresuma Batura joan ziren Samia Tabal eta Ramadan al Abeidiren bigarren semea zen.
Ian Hopkins Manchesterreko poliziaburuak azaldu duenez, gazte hori bakarrik egon den edo talderen batek laguntza eman ote dion aztertzen ari dira orain.