Mundua -
Ustelkeria
Michel Temerren auziak eragindako haserreak Brasilgo kaleak hartu ditu
Milaka pertsona manifestatu dira herrialdeko 19 hiritan, presidenteak dimisioa ematea eskatzeko berriro, diputatu bat erosi nahi izan duela kaleratu ondoren egunkari batek.
agentziak | erredakzioa
Milaka pertsonak protesta egin dute Brasilgo 19 hiriburutan Michel Temer presidentearen dimisioa eskatzeko, egunkari batek haren grabazio bat argitaratu ostean. Bertan, Eduardo Cunha Diputatuen Ganberako presidente ohia isilarazten saiatzen entzun daiteke presidentea, eskupekoak ordainduta.
O Globo Brasilgo egunkariak argitaratu duenez, protestak Aracaju, Brasilia, Belem, Belo Horizonte, Campo Grande, Cuiaba, Curitiba, Fortaleza, Goiania, Joao Pessoa, Manaus, Natal, Palmas, Recife, Rio Branco, Rio de Janeiro, Salvador, Sao Luus, Sao Paulo eta Teresina hirietan egin dituzte.
Rio de Janeiroren kasuan, manifestariek, gainera, Luiz Fernando Pezao Brasilgo Mugimendu Demokratikoaren Alderdiko (Temerren alderdia) kide eta gobernadoreak ere alde egiteko eskatu dute.
Temerrek Auzitegi Nagusi Federalak bere aurka hasitako ikerketa bertan behera uztea eskatu zuen larunbatean. Presidenteak Cunhari eskupekoak ordaindu zizkion argitu nahi du Auzitegiak ikerketa horren bidez.
Temerren esanetan, grabazioa 50 aldiz manipulatu dute. "Muntaia da, zenbait pertsona egozteko egindako ekintza. Brasil susperraldi ekonomikorako bidean da", erantsi du.
Batista JBS munduan haragi gehien saltzen duen enpresaren jabea da, eta Temerrekin izandako elkarrizketak grabatu zituen. Horietan Temerrek esaten duenez, "garrantzitsua da" Lucio Funaroren (Cunhak Kongresuan duen konfiantzazko pertsona) hileroko ordainketak "mantentzea", "isiltasuna bermatzeko".
Ordainketak 400.000 bat errealekoak ziren (110.000 bat euro) eta, guztira, presidenteak 5 bat milioi erreal (1,3 milioi euro) ordaindu zizkion Cunhari, preso egon zen garaian.
Gainera, enpresari brasildarrak onartu egin du Luiz Inacio da Silvari eta Dilma Rousseffi ere dirua eman ziela, Guida Mantega eta Antonio Palocci ministro ohien bidez. 2014an, bi presidente ohiek Brasilen eta atzerrian dituzten kontu korronteetan 150 milioi baino gehiago zeuden.