Mundua -
New York Times
Flynni buruzko ikerketa ixtea eskatu zion Trumpek FBIri, NYTen arabera
"Espero dut hau alde batera utzi ahal izatea", esan omen zion Trumpek James Comey FBIaren zuzendari ohiari, egunkariak dioenez. Informazioa faltsua dela esan du Etxe Zuriak.
agentziak | erredakzioa
Donald Trump AEBko presidenteak Michael Flynn Segurtasun Nazionaleko aholkulari ohiak ustez Errusiako ordezkariekin zituen loturen gaineko ikerketa bertan behera uztea eskatu zion aurreko otsailean James Comey FBIren orduko zuzendariari, New York Times (NYT) egunkariak argitaratu duenez.
Informazioa Comeyk -Trumpekin bildu ostean- idatzitako idazki batean omen dago. Halere, Timesek ezin izan du agiria zuzenean kontsultatu, baina FBIren zuzendari ohiaren laguntzaile batek irakurri ei dio.
"Espero dut hau alde batera utzi ahal izatea", esan omen zion Trumpek James Comey FBIaren zuzendari ohiari. "Gizon zintzoa da", berretsi zuen presidenteak, New Yorkeko hedabidearen esanetan.
Flynnek Segurtasun Nazionalerako aholkulari kargua hartu zuen Trump Etxe Zurira heldu zenean, urtarrilaren 20an, eta dimisioa eman zuen otsailaren 13an, Kremlinen ordezkariekin izan omen zituen harremanek ika-mika eragin eta gero.
Flynnek ez zuen azaldu Sergei Kislyak Errusiako enbaxadorearekin izandako elkarrizketetan jorratu zuten gaia, eta horregatik alde egin zuen.
Gainera, dozenaka mila dolar jaso omen zituen Errusiako hiru konpainien eskutik, tartean RT telebista katetik, Trumpen kanpainan parte hartu baino lehen.
NYTek informazioa plazaratu ostean, Etxe Zuriak ukatu du informazioa egia dela.
Ohar ofizialaren arabera, Trumpek "ez zion sekula eskatu Comeyri, ez beste inori, ikerketa ixtea", ez Flynni buruzkoa, ezta besterik ere.
"Presidenteak Gobernuaren agentzien legea eta ikerketak errespetatzen ditu", oharrean diotenez.