Mundua -
WannaCry birusa
Ipar Korea zibereraso masiboaren atzean dagoela uste du AEBk
Segurtasun informatikoaz arduratzen den enpresa baten esanetan, Ipar Koreak aurretik egindako beste eraso informatiko batzuekin bat datoz WannaCry software bertsioan erabilitako kodeak.
Agentziak | Erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuetako ikerlarien arabera, Ipar Korea izango litzateke joan den ostiraleko zibereraso masiboaren erantzule nagusia, The New York Times hedabideak zabaldu duenez. Dagoeneko 300.000 erabiltzaile baino gehiagoren sistema informatikoak kutsatu ditu ransomware motako birusak.
Hedabide horren esanetan, WannaCry software gaiztoaren bertsioan erabilitako kode batzuk bat datoz Ipar Koreak aurretik egindako beste eraso informatiko batzuekin, hala nola, 2014. urtean Sonyren kontra egindakoa. Dena dela, baliteke beste pirata informatiko batzuek kode bera erabili izana, eta oraindik ezin da guztiz ziurtatu Piongiang zibereraso masiboaren atzean dagoenik.
Segurtasun informatikoaz arduratzen den Symantec enpresak jakitera eman duenez, erabiltzaileen sistema informatikoak kutsatzeko helburuarekin aurretik erabilitako kodeak erabili ditu. Ildo horretatik, sistema informatikoetan kalte egiteko asmoz erabilitako birusen kodeak bat datoz ondorengo zibererasoetan: 2016an, Bangladeshko banku nagusiaren kontra egindakoa, urte hasieran Poloniako banku batzuei kalte egiteko egindakoak edota Sony Pictures Entertainment konpainiaren ‘The Interview’ pelikula (Kim Jong-un Ipar Koreako presidenteari buruzko satira) dela eta mendekua hartzeko egindakoa.
Ransomware motako software maltzurra erabilita, Microsoft sistema-eragilea erabiltzen duten ordenagailuetara zabaltzen da birusa. Apirilean hutsegite horren datuak lapurtu eta xehetasun guztien berri eman zuten pirata informatikoek.
Fitxategiak berriro erabili ahal izateko, WannaCry softwareak bitcoin (diru digitala) bidez ordainketa egitea eskatzen du. Dagoeneko 150 herrialdetan izan du eragina birusak, eta mundu osoko hainbat ospitale, eskola eta erakunderen ordenagailuak kutsatu ditu.