Mundua -
Dokumentazioa
Edouard Philippe, Macronen keinua eskuineko moderatuei
Edouard Philippe Frantziako lehen ministro berria Alderdi Sozialistaren kide izan zen bi urtez, eta gerora UMP alderdi kontserbadorearen sorreran parte hartu zuen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ezkerra-eskuina zatiketa tradizionala hautsi egin behar dela sinetsita dago Edouard Philippe Frantziako lehen ministro berria. Iritzi berekoa da Emmanuel Macron presidentea, eta izendapen honekin bere asmoa argia da: ekaineko hauteskunde parlamentarioetan kontserbadoreen babesa lortzea.
Philippe Ruanen jaio zen, 1970an, eta haren gurasoak irakasleak dira. Orain arte Errepublikanoak alderdiaren diputatua eta Le Havre hiriko alkatea izan da.
2010ean eskuratu zuen alkatetza eta, EFE berri-agentziak galdekatutako bizilagunen arabera, herritarrengandik gertu zegoen Philippe.
Bi urtez Alderdi Sozialistako kide izan zen. Gerora Herri Mugimenduaren aldeko Batasunaren alderdira (UMP) pasatu zen eta Errepublikanoak (UMP berritua) alderdi kontserbadorearen baitan jarraitu du bere ibilbidea, Alain Juppe lehen ministro ohiaren babespean.
Sciences Po unibertsitatean egin zituen ikasketak eta ondoren Frantziako Administrazio Eskolara joan zen, elite politikoaren jatorrira –Macronek berak ere han ikasi zuen-, eta bere promoziokoen arten lehen postuetan izan zen.
Bere ingurukoek "zentrokotzat" jotzen dute eta, lehen ministro izendatuta, Macron eskuineko moderatuengana hurbilduko da.
1997an, Administrazio Eskolatik ateratzean, zuzenbide publikoan aditua den abokatuak Estatu Kontseilura heltzea lortu zuen, Frantziako administrazio gorena. Ondoren egin zuen politikara jauzia.
2002an, Juppek fitxatu zuen "zortzi minutu eta erdiko elkarrizketa baten ostean". Jupperekin batera, UMP alderdi kontserbadorearen sorreran parte hartu zuen, baina bi urte geroago, iruzur kasu batekin lotuta, Jupperi 18 hilabeteko kartzela-zigorra zioetenean, politikagintzatik aldendu zen eta enpresa pribatuan hasi zen lanean.
Bere ibilbide profesionalean publikoa eta pribatua uztartuz aritu da beti, bere buruzagia izan zenaren antzera; izan ere, 2007an, François Fillonen Gobernuko kide izan zen, Juppe Ekologia ministro izendatu zutenean.
2008an, Juppek ministro kargua utzi zuenean, Areva konpainia nuklearreko Gai Publikoetarako zuzendari izan zen Philippe. Alabaina, 2016an berriro elkartu ziren biak, zentro-eskuinaren primarioetan Jupperen bozeramaile izan baitzen.
Juppek porrot egin ostean, Fillonen hautagaitza babestu zuen, ikerketa judizial batek (emaztea eta bi seme lanik egin gabe soldatapean izatea egotzi zioten Filloni) dena zapuztu zuen arte. Une horretan kanpaina uztea erabaki zuen Philippek.
2007an, "L'heure de la vérité" nobela eta "Dans l'ombre" fikziozko politika obra idatzi zituen, Gilles Boyer lagunarekin elkarlanean.
Beti ez du Macronengan sinetsi
Politikoki Macronekin bat etor daiteken arren, Philippek ez du beti egungo Frantziako presidentearengan sinetsi.
"Bi Macron daude. Alde batetik, diskurtsoena, sarritan konpartitzen dut hark esandakoa; eta ekintzena, ezin daiteke esan gauza garrantzitsurik egin duenik", adierazi zuen Philippek primarioak Juppek irabaziko zituela konbentzituta zegoenean.
Gerora atzera egin zuen eta kritika horiek argitzen saiatu zen, Macronen sinpatia eta inteligentzia goraipatuta.
Philippek ere badu bera alde iluna. 2014an uko egin zion bere ondasunari buruzko xehetasunak emateari, Medipart agerkari digitalaren arabera, eta Bizitza Publikoaren Gardentasunerako Goi Agintaritzak isuna jarri zion.
Bitxikeria moduan, Philippek dio izua diela dentistei eta marrazoei, itsasoan bainatzean beldurtzeraino. Bruce Springsteen eta The Godfather sagaren jarraitzaile sutsua da. Aipatu pelikula "50 aldiz" ikusi duela dio.