Mundua -
Frantzia
Edouard Philippe kontserbadorea, Frantziako lehen ministro berria
Lehen aldiz, hauteskundeak irabazi ez dituen alderdi bateko politikari bat izango da Frantziako Gobernuko presidente. Kontserbadoreen babesa lortu nahi du horrela Macronek.
Agentziak | Erredakzioa
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Edouard Philippe izendatu du lehen ministro. Errepublikanoak alderdi kontserbadoreko diputatu eta Le Havre hiriko alkate izan da orain arte.
Horrela bada, lehen aldiz zuzenduko du Frantziako Gobernua hauteskundeak irabazi ez dituen alderdi bateko politikari batek, Macronek horretarako inolako beharrizanik ez bazuen ere.
Alexis Kohle Eliseoko idazkari nagusi berriak egin du iragarpena, Macronek atzerrira bere lehen bidaia ofiziala egingo duen egunean; Frantziako presidentea Angela Merkelekin bilduko da arratsalde honetan Berlinen.
Azken egunotan izen ugari zabaldu dituzte komunikabideek lehen ministro kargurako. Macronek esana zeukan bazekiela nori emango zion ardura hori, baina azpimarratu zuen ez zuela izenik jakinaraziko berak presidente kargua hartu baino lehen.
Hedabideek asteburuan zabaldu zuten lehen ministro kargurako faborito nagusia Philippe zela, Errepublikanoak alderdi kontserbadoreko diputatu eta Le Havreko alkatea. Deigarria izan da izendapen hori, hauteskundeak irabazi ez dituen alderdi bateko kidea delako Philippe.
Macronen antzera, Philippek ere Alderdi Sozialistaren baitan eman zituen bere lehen urratsak politikagintzan. Michel Rocard lehen ministro ohia eta François Miterrand presidente ohia babestu zituen, eskuin moderatuarekin bat egiteko Alderdi Sozialista utzi zuen arte.
2002an, Herri Mugimenduaren aldeko Batasuna (UMP) sortzeko Alain Juppek zuzendu zuen proiektuan parte hartu zuen eta, orduz geroztik, lehen ministro ohiaren gertuko pertsona izan da. 2007an, Jupperen agintaldian, Ekologia Ministerioko kontseilari berezia izan zen Philippe.
UMP alderdia Errepublikanoak bilakatu zenean, Jupperen ondoan jarraitu zuen, baina hauteskunde primarioak galdu ostean, alderdiaren baitan piztu zen krisitik aldenduta egon da, joan den astean Macroni ondokoa esan zion arte: "Presidente batek lehen ministro kargurako boto gehien lortu duen alderdiko norbait aukeratzeko tradizioarekin hautsi egin behar da".
Philippek 46 urte ditu eta politikari moderatutzat jotzen dute, eskuinaren aldeko eta ezkerraren kontrako adierazpen nabarmenak egitea saihestu duelako beti. Areago, Alderdi Sozialistan kide izan zituen beste politikari batzuekin harreman ona izaten jarraitzen du.
Hori dela eta, Macronek lehen ministro kargurako Philippe aukeratu izana, kontserbadoreei zuzendutako keinutzat hartu da; izan ere, ekainaren 11n eta 18an izango diren Parlamentuko hauteskundeetan, Macronek babes zabala lortu beharko du bere egitasmo politikoa aurrera atera nahi badu.
Philippek datozen orduotan hartuko lehen ministro kargua eta asteartean iragarriko omen du bere Gobernua.