Mundua -
Hwasong 12
Bonba nuklear bat eraman dezakeen misila jaurti duela esan du Ipar Koreak
Hala baieztatu du Ipar Koreako Gobernuak. Gainera, Pyongyangek Washingtoni ohartarazi dionez, "probokatzen" saiatzen bada, saihestezina izango zaio "historiako ezbeharrik handiena" pairatzea.
agentziak | erredakzioa
Ipar Koreak baieztatu egin du gaur, astelehena, "tamaina handiko" misil buru nuklear bat eraman dezakeen misil balistikoa jaurti duela. Hwasong 12 du izena eta helmen ertain-luzekoa da, KCNA Ipar Koreako albiste agentziak zabaldu duenez.
Kim Jong-un errepublikako liderrak zuzenean ikusi zuen jaurtiketa igandeko 04:58ean (22:28ean gurean), agentziaren arabera.
Pyongyangen asmoa "tamaina eta pisu handiko misil buru nuklear bat eraman dezakeen misil balistikoaren zehaztasun taktiko eta teknikoak baieztatzea" izan da.
Misilak "zehaztasunez jo zuen xedea, itsasoan, 787 km-ra eta aurreikusitako orbita beteta 2.111,5 km-ko altuera hartu ostean", zehaztu du KCNAk.
Operazioari erreparatuta, Kimek ohartarazi egin die AEBri ez luketela gutxietsi beharko "euren lurraldea eta Ozeano Barean egiten ari diren operazioak (Ipar Korearen) su-eremuaren barruan" daudela.
Ipar Koreako liderrak arma nuklear zehatzagoak eta askotarikoak, eta eraso egiteko baliabide nuklearrak garatzen jarraitzeko eskatu die zientzialari eta teknikariei.
Gainera, Pyongyangek Washingtoni ohartarazi dio "probokatzen" saiatzen bada, saihestezina izango zaiola "historiako ezbeharrik handiena" pairatzea.