Mundua -
Estuburua
Macron Frantziako presidente gazteena bihurtuko da ofizialki gaur
Astelehenean Alemaniara bidaiatuko du estatuburu gisa egingo duen lehen bidaia ofizialean, Angela Merkelekin biltzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Emmanuel Macron gaur inbestituko dute ofizialki Frantziako presidente, eta, horrenbestez, 1958. urtea geroztik indarrean dagoen Frantziako V. Errepublikan inoiz izan den estatubururik gazteena bilakatuko da.
Macron Eliseora heltzearekin batera amaiera ematen zaio François Hollanderen presidente garaiari, zeina bost urteren buruan sozialisten esperantza handia izatetik onarpenik ez duen agintaria izatera pasatu den.
Botere eskualdaketari dagokionez, goizeko hamarretan hasiko da, ordu horretan helduko baita Macron Eliseo jauregira Hollande zain duela.
Topaldi txiki bat izango dute bien artean, eta bertan kode nuklearrak eta beste hainbat isilpeko informazio helaraziko dizkio Hollandek Macroni. Ondoren, zenbait ekitaldi egingo dira, besteak beste, hildako soldaduak omenduko dituzte Garaipenaren Arkuan eta Parisko Udaletxea bisitatuko dute arratsaldez.
Poliziak 1.500 agente erabiliko ditu egun honetarako eta segurtasun neurri bereziak jarriko ditu martxa hala nola, ezingo autoz ibili Eliseoko Zelaiak hartzen dituen esparru guztian zehar.
Macronek bere agintaldiko lehendabiziko orduetan hartu beharko dituen neurrien artean, bere lehen ministroa izendatzea izango da. Printzipioz astelehenean egitea aurreikusten da, baina ez dago baztertuta igande arratsalde-gau partean jakinaraztea.
Haren izendapenak berebiziko garrantzia izango du hauteskunde legegileen borrokari begira; izan ere, Macronek jokoan dauka legebiltzarrean gehiangoa izan ala ez izatea, bere programa aplikatu ahal izateko.
Berlinera bidaia
Astelehenean bertan Macronek Alemaniara bidaiatuko du estatuburu gisa egingo duen lehen bidaia ofizialean, Angela Merkel kantzilerrarekin biltzeko.