Mundua -
Wannacry birusa
Zibereraso masiboa, mundu zabalean barrena
Telefonicaren kontra Espainian egindako erasoa mundu osora zabaldu da, eta Erresuma Batua, Estatu Batuak, Txina, Errusia, Italia edo Turkia bezalako herrialdeetako sistema informatikoak kutsatu dira.
Agentziak | Erredakzioa
Ostiral honetan Telefonica eta Espainiako beste enpresa handi batzuen kontra egindako zibererasoa masiboa izan da eta beste hainbat herrialdetako sistema informatikoak ere kaltetu ditu, hala nola, Erresuma Batuan, Taiwanen, Ukrainan, Errusian edo Turkian.
Hala baieztatu du Agustin Muñoz-Grandes S21sec segurtasun enpresaren zuzendari exekutiboak.
'Ransomware' birusa 'Wannacry' software maltzurraren bertsio bat da. Ordenagailuan instalatzen da eta fitxategi guztiak enkriptatzen ditu. Ondoren erreskate bat eskatzen du, sistema informatikoa libre uztearen truke. Erreskate hori 'bitcoin' moneta birtualaren bidez ordaindu behar da eta ezinezkoa da haren arrastoa jarraitzea.
Birus hori normalean jatorri ezezaguneko korreo elektroniko bidez heltzen da ordenagailuetara eta erabiltzaileak bertan dagoen artxiboa irekitzean kutsatzen du makina.
Alarmak goizean piztu dira, 'ransomware' software maltzurra erabilita, Telefonicari eta Espainiako beste enpresa batzuei eraso egin diotenean.
Telefonicaren barne sareko ordenagailuak kaltetuta geratu dira eta konpainiak Madrilen duen egoitza nagusiko ordenagailu guztiak itzali egin behar izan ditu. Eraso horren ondotik, beste enpresa handi askok, Iberdrolak eta Gas Natural Fenosak, adibidez, ere euren sistemak itzali egin dituzte, badaezpada.
Arratsaldeko lehen orduan, beste zibereraso batek Ingalaterrako ospitale eta osasun zentroetako sistema informatikoak blokeatu ditu. Erasoaren ondorioz larrialdietako pazienteak eta anbulantziak beste zentro batzuetara eraman behar izan dituzte, baita bisitak bertan behera utzi ere.
Erresuma Batuko inteligentzia zerbitzuak gertatutakoa ikertzen ari dira eta, lehendabiziko datuen arabera, gutxienez 16 erietxe, osasun zentro eta hortz klinika kaltetu ditu erasoak.
Ingalaterrako Sistema Publikoaren arabera, 'Wanna Decryptor' izeneko software maltzurra erabilita kutsatu dituzte sistema informatikoak.
Langileen ordenagailuetako pantailetan mezu bat agertu da, egoera bere onera bueltatzeko erreskate ekonomiko bat ordaintzeko exijituz. Telefonicaren kasuan gertatu den bezala, hain zuzen ere.
Erresuma Batuko komunikabideek aipatutako adituen esanetan, zibereraso honek nazioarteko hainbat herrialdetan izan du eragina: Ameriketako Estatu Batuetan, Txinan, Errusian, Italian eta Vietnamen.
'Ransomware' birusa
'Ransomwarea'k -WannaCryren bertsio bat dena- ordenagailua kutsatzen du eta bertan dauden artxibo guztiak zifratzen ditu, komandoak exekutatzeko ahultasun bat baliatuta. Gerora, sare horretan dauden eta Windows sistema eragilea erabiltzen duten ordenagailuetara zabaltzen da birusa.
Hauek dira kaltetutako sistema eragileak:
- Microsoft Windows Vista SP2
- Windows Server 2008 SP2 eta R2 SP1
- Windows 7
- Windows 8.1
- Windows RT 8.1
- Windows Server 2012 eta R2
- Windows 10
- Windows Server 2016.