Mundua -
Uholdeak, Indian
Ustez hiru dira Kaxmiran hildako espainiarrak, Enbaxadaren hitzetan
Gutxienez 90 espainiar atera dira Indiako iparraldetik eta New Delhira heldu dira uholdeen ostean.
Erredakzioa
Ion de la Riva Espainiako enbaxadorea Delhin jakinarazi duenez, "litekeena da" hiru espainiar hil izana Kaxmiran uholdeen ondorioz.
"Desagertutakoen artean, Lourdes Morro, Fernando Ezquerro eta berarekin zihoan laguna" aipatu ditu De la Rivak. Indiako Poliziak Lourdes Morro mallorcarraren hilketa baieztatu du dagoeneko.
"Ezkortasuna da nagusi Lourdes, Fernando Ezquerro eta bere lagunaren bilaketa lanetan; izan ere, ez ditugu aurkitu eta Lamayuruko gune arriskutsu batean zeuden", azaldu du enbaxadoreak. "Baliteke hil izana", onartu du.
Bestalde, gutxienez 90 espainiar atera dira Indiako iparraldetik eta New Delhira heldu dira. Era berean, Leh hiritik atera da beste espainiar talde bat, Kanpo Arazoetako eta Lankidetza Ministerioaren arabera.
Asteartea eta asteazkena bitartean espainiar guztiak Leh hirian egotea eta New Delhira itzultzea espero du Ministerioak.
Delhin dauden Galdakaoko Ganguren Mendi Taldeko lehen mendizale talde bat gaur iluntzean hel liteke Bilbora, Ibon Uribe Galdakaoko alkateordeak Eferi jakinarazi dionez.