Mundua -
Presidenterako hauteskundeak
Macron: 'Egindakoak ez dauka aurrekaririk'
Hurrengo igandean hartuko du Frantziako gidaritza Macronek, 25. presidente izendatuta. Botoen % 66,06 jaso ditu; Le Penek, % 33,94.
agentziak
Emmanuel Macron Frantziako presidente hautetsiak garaipena ospatu du bart milaka eta milaka jarraitzaileren aurrean eta, azpimarratu zuenez, berak sortutako (duela urtebete inguru) mugimendu politikoak lortutakoak "ez dauka aurrekaririk, ezta baliokiderik ere".
"Orain dela hainbeste hilabete egindakoak ez dauka aurrekaririk ezta baliokiderik ere. Mundu guztiak zioen ezinezkoa zela. Ez zutelako Frantzia ezagutzen", esan zuen Macronek Louvreko zabaldegian, milaka pertsonen aurrean egindako hitzaldian.
Hautagai sozioliberalak Marine Le Pen Fronte Nazionaleko buruzagia garaitu du, behin betiko emaitzen arabera, bozen % 66,06 eskuratu baitu, hots, bere aurkariak baino 30 puntu baino gehiago (% 33,94).
Politikari gaztearen (39 urte) esanetan, aurretik dagoen oso lan handia dago egiteko, eta bere alde bozkatu zutenei ekainean egitekoak diren legegintzarako hauteskundeetan ere berriz botoa ematea eskatu die, "benetako gehiengoa (gobernurako) eraikitzeko, irmoa, herrialdeak nahi duen aldaketaren gehiengoa".
"Aldaketaren aldeko gehiengoa da zuengandik espero dudana sei aste barru, zuen beharrean jarraitzen baitut", erantsi zuen.
Macron bere emaztearekin, bart. Argazkia: EFE
Gainera, Macronek "bidelagunei", "familiari" eta "gertukoei" omendu zituen Louvreren inguruetan eta, ohartarazi zuenez, datorrena "ez da egunero erraza izango; zeregina gogorra izango da".
Jarraitzaileei egia esan eta babestuko dituela hitz eman zuen eta, halaber, bere helburua bateratzea eta adiskidetzea dela adierazi zien bertaratutakoei.
Oso ondo landuta egon zen Macronek egindako bidea, agertokiraino, Alaitasunaren oda entzuten ari zela. Abestia Europar Batasunaren ereserki ofiziala da, Beethovenen Bederatzigarren Sinfonian oinarrituta.
Bertan, gogorarazi zuen Louvrek "gure historia" errepasatzen duela, "Antzinako Erregimenetik Parisko askapenera arte". "Europa eta mundu osoa guri begira daude", "Ilustrazioaren izaera edonon defendatzea espero dute (…) Gu izatea espero dute".
Maiatzak 14, esku hartzea
Macronek hurrengo igandean, maiatzak 14, hartuko du Frantziako gidaritza François Hollande egungo presidentearen eskutik, France 2 kateak aurreratu duenez. Orduan jakinaraziko du nor izango den lehen ministroa eta nortzuek osatuko dute Gobernua.
Era berean, maiatzaren 10ean presidente berriaren (V. Errepublikako zortzigarrena, Frantziko historian 25.a, herrialdeak izan duen gazteena) jakinarazte ofiziala egingo da, aldizkari ofizialean argitaratzen dutenean, Batzorde Konstituzionalak baieztatu eta gero.
Legislatiboak dira orain erronka
Lehen ministro berriaren agintaldiak baliteke iraungitze data izatea, mugimenduak (alderdi bihurtu eta gero, aurkeztu ahal izateko", behar duen babesa ez badu jasotzen, ekainaren 11 eta 18an egitekoak diren legegintzarako hauteskundeetan. Galduz gero, bizikidetzara kondenatuta egongo litzateke, eta gobernuburu bat izendatzeko beharrarekin.
Halere, Ekonomia ministro ohia ziur agertu da frantziarrek presidente aukeratu baldin badute, gehiengoa ere emango diotela Parlamentuan, bere programa bete ahal izateko.
Horretarako, 577 zirkunskripzioetan aurkeztuko ditu hautagaiak eta, aurreko ostegunean argitaratutako inkesta baten arabera, aukera garbiak ditu beharrezko gehiengoa izateko.
Le Penek Macron zoriondu du
Marine Le Pen alderdi ultraeskuindarreko hautagaiak Macron zoriondu du, Frantziako presidentea aukeratzeko hauteskundeetan lortutako garaipenagatik.
20:00ak aldera egindako agerraldian azaldu duenez, Macroni deitu dio zoriontzeko, eta herrialdeko presidente gisa izango dituen erronketan "zorte ona" opa diola esateko.