Mundua -

Hauteskundeak Frantzian

Inkesta guztien arabera Macron izango da Frantziako hurrengo presidentea

Antza denez, ezkerreko boto-emaile askok ez dute bozkatuko igande honetan izango diren Frantziako presidentzia-hauteskundeetan, eta abstentzioa ondo datorkio Le Peni.

Emmanuel Macron. Artxiboko argazkia: EFE
Emmanuel Macron. Artxiboko argazkia: EFE
Macronek Le Penekiko aldea handitu du inkesten arabera

1:37

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde kanpainaren azken egunean argitaratutako inkesten arabera, Emmanuel Macron hautagai sozioliberala izango da Frantziako presidente berria. Itxura guztien arabera, igande honetan izango diren presidentetza-hauteskundeetan Marine Le Pen hautagai ultraeskuindarrak baino boto gehiago eskuratuko ditu Macronek.

Hautagai liberalak ostiral honetan aitortu duenez, dagoeneko pentsatuta dauka nork hartuko lukeen lehen ministro kargua bera izango balitz Frantziako presidente berria. Dena dela, hauteskundeen emaitzak ezagutu arte eta gobernu berriari botereak eman arte ez duela izenik aurreratuko azpimarratu du Macronek.

“Politikan ibilbide luzea eta esperientzia duen pertsona bat izango da, gehiengo parlamentarioa bideratzeko gaitasuna duena eta goitik behera berrituko den elkarte bati babesa emango diona”, esan du hautagai liberalak.

Dena dela, lehen ministroa aukeratu ahal izateko ezinbestekoa da igandean izango diren presidentzia-hauteskundeetan garaipena lortzea. Aditu askoren arabera, azken hamarkadetako hauteskunde garrantzitsuenak izango dira, izan ere, muturreko bi ikuspuntuk izango dute Frantziako Presidentetzarako giltza. Bi hautagaiek, Europari begira eta Frantziak nazioartean izan behar duen tokiaren inguruan dituzte desadostasun handienak.

Le Pen Fronte Nazionaleko buruak, herrialdearen mugak itxi eta eurotik irtetea proposatzen du. Macronek, berriz, harremanak indartu nahi ditu Europar Batasunarekin, eta ekonomia liberalizatzeko helburua du.

Ostiral honetan Elabe estatistika erakundeak argitaratutako inkesta baten arabera, bigarren itzulian botoen % 62 lortuko luke Macronek.  Le Penek, ordea, botoen % 38 eskuratuko ditu. Gauzak horrela, hautagai sozioliberalak hogei puntu baino gehiagoko aldea aterako lioke hautagai ultraeskuindarrari. Aurreko inkestarekin alderatuta, Macronek hiru puntu gehiago lortuko lituzke.

Odoxak egindako beste inkesta baten arabera, boto zuri edo baliogabeek eragin handia izango dute igande honetan, Frantziako hautesleriaren laurden batek abstentzioa emango baitu. Bigarren itzulira iritsi ez diren alderdien jarraitzaileak dira abstenituko diren herritar asko.

Gauzak horrela, itxura guztien arabera 1965etik lortu ez den bigarren abstentzio-tasa altuena lortuko da maiatzaren 7an. Frantziako Barne Ministroak emandako datuen arabera, lehen itzulian herritarren %78ak eman zuen botoa.

Beste alde batetik, Europar Batasuna Emmanuel Macronen alde agertu da, eskuin muturreko hautagaiaren garaipenak ekarriko lituzkeen aldaketei beldur izanik. Era berean, Barack Obama AEBko presidente ohiak bere babesa adierazi zion Macroni joan den ostegunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Munduko albisteak 2024 Batasun europarra Europa Frantzia argazkiak Albisteak Frantziako hauteskundeak Frantziako presidentea azken ordukoa Zeintzuk dira azken hauteskunde galdeketak?