Mundua -
Hondamendi naturalak
Pakistanen 1.600 pertsona hil dira eta 10 milioi pertsona kaltetu
Bestalde, Txinan lur-jausi handiak direla eta, 137 pertsona hil dira eta 1.348 desagertuta daude.
Erredakzioa
Gurutze Gorriaren esanetan, gutxienez 1.600 pertsona hil dira eta 10 milioi pertsona kaltetuta daude Pakistango uholdeen ondorioz. Kopuru horrek gora egin lezake, hurrengo egunetan euria egiten jarraituko duelako.
Gutxienez 500.000 pertsona etxerik gabe gelditu dira Khyber Pakhtunkhwa probintzian (ipar-mendebaldean) eta behin-behineko kanpamentuetan hartu behar izan dute ostatu. Euria atertu gabe ari du, eta azpiegiturak konpontzeko lanak eta elikagaiak eta bizirauteko ekipoak banatzeko saiakera oztopatzen ari da. Hori dela eta, kaltetuen kopuruak gora egiten ari da.
Arazo nagusienetako bat uraren kontaminazioa da; digestio eta arnasketa arazoak gero eta gehiago izatea eragiten ari da.
Gurutze Gorriaren arabera, "iragarpen meteorologikoek esaten dutenez, inguru honek bost egunez montzoi-euriak jasango ditu". Indo ibaiaren ur-emaria asko igo da azken orduotan, eta kalteak sortu ditu herrialdearen hego-ekialdean.
Lur-jausiak Txinan
Gansu probintzian lur-jausiak izan dira azken orduotan. Xinhua albiste agentzia ofizialaren esanetan, 137 pertsona hil dira eta 1.348 pertsona desagertuta daude.
Oldeak Zhouqu barrutia suntsitu du, 2008an Sichuan probintzian izandako lurrikaran gehien kaltetu zen barrutia, eta laku artifizial bat sortzea eragin du. Gaur hiru kilometroko luzera izatera heldu da eta gainezka egiteko zorian egon da. Militarrek dinamita erabili dute arriskua desagerrarazteko.
Txinako Meteorologia Agentziaren esanetan, osteguna arte jarraituko du euria egiten; oraindik ere desagertuta dauden pertsonak lehenbailehen aurkitzeko lanak zaildu egingo du horrek.
Txinak 1998tik jasandako uholde eta eurite okerrenak dira azken orduotakoak.