Mundua -
Udazkenetik aurrera
Ekitaldi ofizialetara ez joatea erabaki du Edinburgoko dukeak
Erreginaren senarrak argitu du abuztura arte hartutako konpromisoak bete egingo dituela. Erreginak, bestalde, "ekitaldi ofizialen programa osoa betetzen jarraituko du".
agentziak
Edinburgoko Felipe dukeak, Isabel II.a erreginaren senarrak, ez du ekitaldi ofizial gehiagotan parte hartuko datorren udazkenetik aurrera, baina erreginak normaltasunez jarraituko du, Buckingham Jauregiak adierazi duenez.
Dukeak 96 urte beteko ditu aurtengo udan, eta bete egingo ditu abuztura arte hartuta dituen konpromisoak. Hortik aurrera, ostera, ez du gonbidapen gehiagorik onartuko, baina "baliteke" etorkizunean berak aukeratutako ekitaldietara joatea, zabaldutako oharraren arabera.
Gainera, zehaztu dute berak hartu duela erabakia, erreginaren "babes osoarekin". Isabel II.ak 91 urte bete zituen aurtengo apirilean.
Felipe dukeak bere jarduera ofiziala alde batera utziko badu ere, "baliteke ekitaldi publikoren batean noizbehinka agertzea".
Edinburgoko dukea 780 organizazio baino gehiagoren presidente, kide eta patroi da, eta "zeregin aktiboa" izango ez badu ere, "lotura izaten jarraituko du".
Erreginak, bestalde, "ekitaldi ofizialen programa osoa betetzen jarraituko du, Errege Etxearen kideen laguntzarekin", dio oharrak.
Jauregiak oharra zabaldu aurretik, espekulazio handia egon da sare sozialetan, The Daily Mail egunkariak publikatu duelako goizaldean larrialdiko bilera deitu duela Errege Etxeak, haien langile guztien parte hartzea aginduta, baita Londresetik kanpo daudenena ere.