Mundua -
Uholdeak
Indian harrapatutako mendizaleetako batzuk, Bilbon
New Delhitik Barajasera hegazkinez eta Madriletik Bilbora autobusez bidaia luzea egin ondoren, atzo gauean heldu ziren Bilbora. Mendizale taldea osatzen duten 46ak onik daude.
Erredakzioa
Pedro Aizarnaren hitzetan, beraiek ez zuten arriskua aditu, baina euriteek sortutako kalteak ikusi ostean, "izugarrizkoak" zirela konturatu ziren. Aizarna Bilbora heldu zen bart gauean Indiako uholdeen ostean.
Bilbora heldu dira Indian bi asteko trekking ibilbidea egin behar zuten eta uholdeengatik harrapatuak izan ziren 46 mendizaleetatik zazpi. Atzo gauean heldu ziren Bilbora Madrilen autobusa hartu ostean; aurretik New Delhitik Barajasera hegazkinez joan ziren. Taldea osatzen duten 46 mendizaleetatik denak onik daude.
Pedro Aizarna Bilbora heldutako mendizale horietako bat da eta bizi izandako abentura azaldu du: "Heldutako gauean bertan euria barra-barra hasi zuen, eta nire logelan ura sartzen hasi zen ate azpitik, baina ez nion garrantzirik eman, Bilbon euria egiten ohi duen bezala jausten zela pentsatu nuen".
"Hurrengo goizean egun ederra atera zen eta trekking-a hastea erabaki genuen, baina gidariak mendia oso gaizki zegoela eta bertan gelditzeko agindu zigun", azaldu du.
"Alboko mendi txikiago bat igotzen eman genuen goiza eta jaisterakoan gertatutakoaz ohartu ginen; Leh herria guztiz suntsituta zegoen eta laguntza lanetan hasi ginen", gaineratu du.
"Ez genuen uste horren larria zenik; baina auzoa etxe hondatuekin, errepiderik gabe eta dena lurrera botata ikusi genuenean, gertatzen zena ikaragarrizkoa zela konturatu ginen. Hala ere, ez genuen inolako arriskurik somatu, eta hurrengo egunean mendira igo ahal izango genuela pentsatu genuen", adierazi du.
"Orduan trekking-a bertan behera gelditzen zela esan ziguten eta mendira igotzea debekatua zegoela esan ziguten; izan ere, errepide eta mendira igotzeko bide guztiak suntsituak zeuden".
Hala ere, guretzat latzena "etxekoekin hitz egiteko zailtasunak gainditzea izan da; azkenean lortu izan dugu bertakoen mugikorrak erabiliz".
Itzulerari dagokionez, "beste montsoi bat iritsi behar dela esan digutelako bueltatu gara asko".
Ganguren Mendi Taldeko gainerako mendizaleetatik 20 inguru Leh herritik New Delhira bidaitu dira eta gaur helduko dira Euskal Herrira. Bestalde, beste batzuk baliteke Leh-en edo New Delhin gelditzea beraien oporrak igarotzeko".