Mundua -
Bigarren itzulia
Melenchonen alderdiak boto zuriaren edo baliogabearen alde egin du
243.128 jarraitzailek egin duten kontsulta publikoak emaitza hauek eman ditu: % 36,12k "boto zuria edo baliogabea" emango dute; % 34,83k, Macronen aldekoa; eta % 29,05 abstentzioaren aldekoak dira.
agentziak | erredakzioa
France Insoumis Jean-Luc Melenchon buruzagi ezkertiarraren alderdiak "boto zuri edo baliogabea"ren alde egin du maiatzaren 7an egingo den presidenterako hauteskundeen bigarren itzulirako; hau da, Emmanuel Macron sozioliberalaren eta Marine Le Pen ultraeskuindarraren lehian ez dute inoren alde egingo.
243.128 jarraitzailek Internet bidez egin duten kontsulta publikoak emaitza hauek eman ditu: % 36,12k "boto zuria edo baliogabea" emango dute; % 34,83k, Macronen aldeko botoa; eta % 29,05ek, abstentzioaren alde egingo dute. Le Pen ez dute aukeren artean sartu.
"Asmoa ez zen boto kontsigna bat ematea, baina intsumisoen iritzia islatu nahi genuen bigarren itzuliari begira", adierazi du prentsa-ohar batean France Insoumisek.
Melenchonek emaitza historikoa lortu zuen ezkertiarrentzat apirilaren 23ko lehenengo itzulian, zazpi milioi boto eskuratu baitzituen, botoen % 20.
Orain kritiken jomugan dago. Alderdi Sozialistaren ministro ohiak Macronen, zentristen eta sozialisten kritikak jaso ditu Le Penen aurka eta hautagai liberalaren alde argi ez agertzeagatik.