Mundua -
Frantziako hauteskundeak
Macronek beharrezkoa ikusten du EB eraberritzea, 'frexit'ik gerta ez dadin
Adierazi duenez, Frantziako presidente hautatzen badute, bere lehentasuna 'Europar Batasuna eta gure proiektu europarra eraberritzea' izango da.
Agentziak | Erredakzioa
Emmanuel Macron Frantziako presidente izateko hautagai zentristak ohartarazi duenez, Europar Batasuna (EB) eraberritzen ez bada, frexita (Frantzia batasunetik ateratzea) edota Fronte Nazionalaren presentzia jasateko arriskua dauka. Hala adierazi du gaur BBC katean egin duen elkarrizketa batean.
Macron faborito da datorren maiatzaren 7an egingo diren Frantziako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian Marine Le Pen ultraeskuineko aurkaria garaitzeko, eta, adierazi duenez, Frantziako presidente hautatzen badute, bere lehentasuna 'Europar Batasuna eta gure proiektu europarra eraberritzea' izango da.
Europar Batasunak orain arte bezala jarrai dezala uztea herritarrei "traizioa egitea" litzateke, adierazi dio Erresuma Batuko telebista kate publikoari.
"Eta ez dut horrelakorik egin nahi. Izan ere, biharamunean, frexita edota (Le Penen) Fronte Nazionala izango dugu berriz ere.
Macronek azpimarratu duenaren arabera, Europazalea da, eta "behin eta berriro" agertu da "Europaren ideiaren" eta bere politiken alde hauteskunde kanpainan zehar, uste baitu batasuna garrantzitsua dela Frantziarentzat eta "globalizazioan" daukan tokiarentzat.
"Baina, aldi berean, egoerari aurre egin behar diogu, gure jendeari entzun, haserre daudela konturatu, urduri, eta, horrenbestez, EBren disfuntzioak ezin du gehiago iraun", gaineratu du.
Irailaren 23tik, hauteskundeen bigarren itzulira hautagai botatuena (% 24,03) bezala pasatu zenetik, puntu batzuk galdu ditu inkestetan; hala ere, garaipen zabala (% 60) aurreikusten dute Le Penekin duen lehian.