Mundua -
Afganistango gerra
Filtrazioko agiriak itzultzeko eskatu dio WikiLeaksi Pentagonoak
Uztailaren 25ean Afganistango gerraren dokumentuak argitaratu zituzten webgunean eta horrek "gure tropen segurtasuna mehatxatu du dagoeneko", Pentagonoak azaldu duenez.
Erredakzioa
Oraindik argitaratu ez dituen 15.000 dokumentuak "berehala itzultzeko" eskatu dio WikiLeaks atariari Pentagonoak. Era berean, webgunean argitaratu dituen 77.000 agiriak ezabatzeko eskatu dio Geoff Morrell Pentagonoko bozeramaileak.
Uztailaren 25ean Afganistango gerraren dokumentuak argitaratu zituzten webgunean eta horrek "dagoeneko gure tropen, aliatuen eta afganiarren segurtasuna mehatxatu du", Morrellek prentsaurrekoan azaldu duenez. "Guztiak bakea eta egonkortasuna munduko txoko horretara eramaten laguntzen ari dira", gaineratu du.
Julian Assange WikiLeakseko sortzaileak 15.000 dokumentu ez argitaratzea erabaki zuen, bere iturria ez kaltetzeko.
Atariak argitaratu ez dituen 15.000 agiriak konkretuki zeintzuk diren Pentagonoak "jakin dezakeela" onartu du agentziako bozeramaileak, baina "seguru ez".
Dokumentuak argitaratu zirenetik, filtrazioaren ondorioak arriskutsuak izan daitezkeela errepikatu du AEBetako Gobernuak. Izan ere, iturrien izenak, soldaduen nortasunak eta metodo operatiboak jakitera ematen direlako eta talibanek informazio hori eskuragarri dutelako.
Ikerketa
Ikerketa martxan du Pentagonoak eta filtrazioa egin zuen laguna identifikatzeko lanean ari da, FBIrekin batera. Agiriek zibilen hilketak salatzen dituzte, eta baita Pakistango zerbitzu sekretuen ustezko lankidetza talibanekin ere.
Bradley Manning 22 urteko inteligentzia aditua da susmagarri nagusia. Kuwaiteko base militarrean atxilotuta zegoen jadanik, maiatzean egindako beste filtrazio batengatik. Virginiako espetxe batera lekualdatu dute.