Mundua -
Lehen bisita Nagasakira
Arma nuklearrekin amaitzea eskatu du Ban Ki-moonek
"Arma nuklearrak erabiliko ez dituztela bermatzeko, guztiz deuseztatu beharko dira, hori baita modu bakarra", adierazi du Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak.
Erredakzioa
Nagasakira (Japonia) egindako lehen bisitan, arma nuklearrik gabeko mundu bat aldarrikatu du Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusiak. Ostiral honetan AEBek bonba atomikoa jaurti zutela 65 urte beteko dira.
"Arma nuklearrak erabiliko ez dituztela bermatzeko, guztiz deuseztatu beharko dira, hori baita modu bakarra", adierazi du NBEko idazkari nagusiak ehunka lagunen aurrean emandako hitzaldian, Kyodo albiste-agentziaren arabera.
Ban Japoniara joan da aste honetan, eraso atomiko bat pairatu duen herrialde bakarra. Arma nuklearrik gabeko mundu bat aldarrikatu du Banek, eta ostiralean bonba atomikoaren jaurtiketa (1945) oroituko duen zeremonian izango da, Hiroshiman.
Ekitaldi horretan NBEko idazkari nagusi bat izango da aurrenekoz. Urtero abuztuaren 6an, 08:15ean (23:15 GMT), egiten dute zeremonia, ''Enola Gay'' AEBetako hegazkinak lehen bonba nuklearra jaurti zuen ordu berean.
AEBen ordezkaritza
Zeremonian AEBetako Gobernuko ordezkari bat izango da aurrenekoz, John Roos enbaxadorea Tokion. Frantziako eta Britainia Handiko ordezkariak ere bertan izango dira. Bigarren Gerra Mundialean (1939-1945) irabazle atera ziren potentziak dira.
Hiroshimara joan baino lehen, Ban Ki-moon Nagasakin izan da gaur. Abuztuaren 9an ekitaldia egingo dute bertan, bonba jaurtiketaren 65. urteurrena gogorarazteko.