Mundua -

Eztabaida

Epaile batek homosexualen arteko ezkontzak bermatu ditu, Kalifornian

AEBetako epailearen erabakia Gorte Gorenean amaitu dezakeen prozesu baten hasiera da. Helegiteak aurkezteko epea ostiralera arte eman dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

San Franciscoko epaile batek Kalifornian sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak baimentzearen aldeko erabakia hartu du, izan ere, debekatzen dituen legeak AEBetako Konstituzioak biltzen dituen oinarrizko eskubideak urratzen dituela uste du.

Vaughn Walker epaileak Kaliforniako legeei buruz hartu duen erabakiaren aurka helegitea aurkezteko epea ostiralera arte jarri du. Epailearen erabakia Gorte Gorenean amaitu dezakeen prozesu baten hasiera da.

Epaileak uste du 2008an Kalifornian onartu zuten eta Estatuko Karta Magna aldatu zuen 8 Proposamena berdintasun eskubideekin eta prozesu legalekin bateragarria ez dela.

Etxe Zuriak komunikatu batean adierazi duenez, Barack Obama presidentea "8 Proposamenaren aurka izan da beti bereizketak sustatzen dituelako eta diskriminatzailea delako". Arnold Schwarzenegger Kaliforniako gobernadoreak ere pozik jaso du albistea, denek merezi duten "legearen guztizko babesa" konfirmatu duelako. Horrekin bat dator Geoff Kors Equality California erakundeko zuzendari exekutiboak.

Erabakia, hala ere, kontserbadoreenak asaldatu ditu. Horrela adierazi du Randy Thomasson Save California elkarteko presidenteak. Thomassonentzat epailearen erabakia "kolpe latza" izan da.

Walker epailearen erabakia sexu bereko pertsonen ezkontzen aldekoen eta kontrakoen arteko guda luze baten azken kapitulua izan da. 2000. urtean hasi zen eztabaida hau Kalifornian, ehuneko 61,3k 22 Proposamenaren alde bozkatu zutenean.

Kalifornia sexu berekoen ezkontzak onartzen dituen AEBetako bigarren Estatua bihurtu da, Massachussetsen ostean. Azken horretan, hala ere, 18.000 bikote ezkondu ostean, Gorenaren erabakia ezeztatu zuten hauteskundeetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea