Mundua -
Venezuela
Martxa isila deitu dute larunbaterako Venezuelan, hildako protestarien alde
Orain arte 10 dira protestak hasi zirenetik hildako protestariak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mesa de Unidad Democratica (MUD) Venezuelako oposizioko alderdiak "martxa isilak" deitu ditu larunbat honetarako estatu guztietan, azken egunetako protestetan hildako pertsonak omentzeko.
Freddy Guevara MUDeko kide eta Asanblea Nazionaleko presidenteordeak eta Marialbert Barrios diputatuak prentsaurrekoan azaldu dutenez, oposizioak eutsi egingo die protestei helburuak bete arte: Parlamentuaren eskuduntzak aitortzea, "preso politikoak" askatzea, presidenterako hauteskundeak deitzeko egutegi bat eta laguntza humanitariorako kanal bat sortzea.
Horien esanetan, borrokak "baketsua, konstituzionala eta hauteskunde kutsukoa" izan behar du, eta indarkeria guztiak "arbuiatu" egin behar dira.
Guevarak azaldu duenez, ostiral honetan bilerak egingo dituzte auzoetan, egoera aztertzeko eta “borroka” antolatzeko, eta larunbatean "martxa isila" egingo dute.
MUDeko ordezkariak martxetara zuriz jantzita joatea eskatu du.
Caracasen, martxa Montalbanen egingo dute.
Astelehenean, MUDek "plantoa" egiteko deia egingo die herritarrei.
10 dira hildakoak
Bestalde, Sucre herriko alkateak jakinarazi du gizon bat hil dela atzoko protestetan. Horrenbestez, 10 dira jada protestak hasi zirenetik hildakoak.
"Min handiz jakinarazi behar dut Melvin Guaitan langile xumea hil dela, bala zauriz", esan du Carlos Ocariz alkateak.