Mundua -
Siria
OPCWk uste du 'ukaezina' dela Sirian sarin gasa erabili zela
Bachar Al Asaden Siriako erregimenak arma kimikoak "nahita" erabili zituela egiaztatzen duten frogak dituela esan du Frantziako Gobernuak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeko (OPCW) Kontseilu Bateratzaileak jakinarazi duenez, beraiek egindako ikerketaren arabera, 'ukaezina' da hilabete honen hasieran Siriako Jan Shijun udalerrian sarin gasa edo antzeko substantzia kimikoa erabili dela.
Erasoaren egun bat geroago hiru biktimen froga biomedikoak jaso zituzten eta autopsiak egiten ari ziren. "Gure laborategiek eman dituzten analisi horietako emaitzak diotenez, sarin gasa edo antzeko substantziarekiko esposizioa egon zen. Xehetasun gehiago lortu behar diren arren, lortutako emaitza analitikoak ukaezinak dira", adierazi du OPCWko zuzendari nagusiak, Ahmet Üzümcük.
Gertakaria jazo zen gunean OPCWren misioak frogak bilatzen, laginak lortzen eta lekukoak elkarrizketatzen jarraitzen du.
Franciak frogak dituela esan du
Bachar Al Asaden Siriako erregimenak Jan Shijun hirian izandako erasoan arma kimikoak "nahita" erabili zituela egiaztatzen duten frogak dituela esan du Frantziako Gobernuak. Gutxienez 72 pertsona hil ziren, horietatik 20 haurrak ziren.
"Erregimenak arma kimikoak nahita erabili zituela frogatzeko elementuak ditugu", esan du Frantziako Atzerri ministroak, Jean-Marc Ayraultek.
Al Asadek, ordea, Jan Shijuneko eraso horretan parte hartu izana ukatu du eta Mendebaldeko herrialdeen azpikeria izan zela salatu du. Oposizioko Siriako Armada Askearen kontrolpean dago 75.000 herritar dituen hiria.