Mundua -

Venezuela

Istiluak eta bi hildako oposizioaren martxetan, Venezuelan

17 urteko gazte bat eta militar bat hil dira Venezuelako oposizioaren martxetan tiroak jasota, eta polizia eta manifestarien artean liskar handiak izan dira.

Martxak Venezuelan. Argazkia: EFE
Martxak Venezuelan. Argazkia: EFE
Gutxienez bi hildako Venezuelako oposizioaren manifestazioetan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelan izan diren manifestazioek bi hildako, dozenaka zauritu eta ehunka atxilotu utzi dituzte, baina amaieran kalean protesta egiten jarraitzeko deia egin du oposizioak, eta Nicolas Maduroren Gobernuak elkarrizketa politikorako gonbidapenarekin erantzun du.

Gobernuaren aldeko eta kontrako milaka pertsona atera dira kalera Venezuelako hainbat hiritan oposizioak eta chavistek deituta, Venezuela Espainiarengandik independizatzeko lehenengo pausoa eman zuenetik 207 urte bete diren egunean.

Oposizioak herrialde osoan egin du protesta, eta Caracasen 26 puntutatik abiatu dira. Hala, hiriburu osoa zeharkatu dute, baina ez dute lortu, beste behin ere, Herriaren Defendatzailearen egoitzara iristea, eta liskar handiak sortu dira Poliziarekin.

Bi pertsona hil dira protestetan

Carlos Jose Moreno Baron, balaz zauritutako 17 urteko gaztea, da hildakoetako bat. Venezuelako El Universal egunkariak galdetutako lekukoen arabera, motorretan gerturatu den 10 gizonezkoen talde batek bonba negar-eragileak bota dituzte Caracaseko San Bernardino barrutian zegoen oposizioaren martxaren kontra eta horretako batek nahastea aprobetxatuz tiro egiten hasi da.

Baronek buruan jaso du tiro bat eta Clinicas Caracas Ospitalera eraman dute ebakuntza egiteko, baina azkenean, hil egin da, bere amak Twitterren eta bertako komunikabideek aipatutako oposizioko hainbat iturriek adierazi duten arabera.

Bestalde, militar venezuelar bat ere hil da gobernuaren kontrako protesta batean frankotiratzaile baten tiroa jasota, Caracasetik gertu dagoen San Antonio de los Altosen.

Manifestazio gehiago

Henrique Capriles MUD oposizioko alderdiaren presidentegaiak manifestazio gehiago egiteko deia egin du gaurko, leku eta ordu berean, Nicolas Maduroren Gobernuaren errepresioari erantzuteko.

Caracas mendebaldean chavistek egindako manifestazioan, berriz, Nicolas Maduro presidenteak berretsi du Borges eta Blanco diputatuak estatu kolpea prestatzen ari direla, eta elkarrizketa politikorako deia egin dio oposizioari, sektore horri zerbait proposatu nahi diolako.

Presidenteak esan du oposizioko bozeramaileekin biltzeko prest dagoela, "atzera egin dezaten eta indarkeria eta golpismoa bazter dezaten" eskatzeko.

Era berean, hauteskunde borroka handi baterako prestatzeko eskatu die bere aldekoei, konspirazioei aurre egiteko irtenbide baketsu gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gaurko azken orduko albistea Venezuela bideoak Latinoamerikako albisteak