Mundua -

Erreferenduma Turkian

Hauteslekuak itxi dituzte Turkian

Sistema presidentzialista ezarri ala ez erabaki dute gaur Turkiak. Lehen ministroaren figura desagertu egingo litzateke eta Erdogan presidenteak kontrol gehiago izango luke.

Hauteslekuak ireki dituzte Turkian, erreferendumean bozkatzeko. EFE
Hauteslekuak ireki dituzte Turkian, erreferendumean bozkatzeko. EFE
Presidentearen boterea zabaltzeko erreforma bozkatzen ari dira turkiarrak

1:51

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken hauteslekuak itxi dituzte jada Turkian. Sistema presidentzialista ezarri ala ez erabaki dute gaur Turkiak. Lehen ministroaren figura desagertu egingo litzateke eta Erdogan presidenteak kontrol gehiago izango luke.

Bozkatzeko eskubidea duten 55 milio bat turkiar daude bozkatzera deituta, 18 puntuko erreforma konstituzionalari “bai” ala “ez” esateko. Egungo eredu parlamentarioa aldatuko litzateke, Erdogani botere gehiago emango liokeen sistema presidentzialista ezartzeko.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea bere asmo nagusiena lortzeko zorian dago gaur, hau da, Turkian sistema presidentzialista ezarri eta egun dagoen sistema parlamentarioa kentzea. Modu horretan, herrialdeko estatuburu eta gobernuburu buru izango da aldi berean.

Askorentzat galdeketak legezko bihurtuko du Turkian dagoeneko existitzen den errealitatea, zeinetan Erdoganengan zentratzen den ia botere guztia, nahiz eta, Konstituzioaren arabera, ez lukeen horrela izan beharko.

Zertan datza erreforma?

Erreforma konstituzionalak planteatzen duen aldaketa nagusia lehen ministroaren figura kentzea da sistema presidentzialista bat ezartzeko. Sistema berri horretan, presidentea Estatuaren zein Gobernuaren burua izango da aldi berean. Horrez gain, Erdoganek 2029ra arte gobernatzeko aukera izango du; izan ere, Konstituzio berria ez litzateke 2019ra arte aplikatuko eta, horrenbestez, bi agintaldirako aukera izango luke.

Presidente berriak izango lituzkeen eskuduntza berrien artean leudeke, besteak beste, legebiltzarraren oniritzirik jaso behar izan gabe goi karguak izendatu eta kargugabetu ahal izatea, baita hainbat gairi buruz (sozialak, ekonomikoak zein politikoak) lege izaera duten dekretuak igortzea ere.

Zer ondorio izango ditu erreferendumak?

Sitema presidentzialaren alde egiteko Erdoganek eta bere alderdiak (AKP, Justizia eta Garapena Alderdia) azken urteetan erabili duten argudio behinena Turkiak egonkortasuna behar duela izan da, herrialdearen hegoaldean kurduekin duten gatazka aitzakiatzat hartuta.

Alabaina, ez dirudi turkiarren bizimoduan aparteko aldaketarik egongo denik galdeketaren biharamunean, nahiz eta garaipen zabal eskuratuko balu, Turkia kanpotik diktaduratzat hartua izan den orain arte ibilitako bideari eutsi diezaiokeen Erdoganek. Aitzitik, inkestek garaipen estua izango dela aurreikusten dute.

EBrekiko harremanak

Erdoganek egindako adierazpenei erreparatuta, litekeena da Europa Batasunarekiko harremanetan izatea aldaketarik handiena. EBn sartzeko hautagaia da Turkia 2004az geroztik, 1987. urtean eskatu bazuen ere. Dena dela, negoziazioak astiro joan dira, eta bidean hainbat liskar izan dira.

Hartara, Turkiako presidenteak ohartarazi duenez, gaurko erreferendumaren ostean EBrekiko harremana berriro aztertuko dute. Hala eta guztiz ere, Atzerriko Harremanei buruzko Europako Batzordeak ez du uste negoziazioak etengo direnik, Europako Parlamentuak joan den hilabetean horixe bera gomendatu arren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Gaurko azken ordukoa Turkia