Mundua -

Istiluak

Oposizioko alderdi nagusiko gazteen buruzagia hil dute tiroz Paraguain

Alderdiko presidenteak aditzera eman duenez, Polizia bortizki sartu da egoitzan, manifestarien aurka tiro eginez.

 

Liskarrak Paraguain. EFE
Liskarrak Paraguain. EFE
Manifestariek su eman diote Kongresuaren eraikinari Paraguain

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Efrain Alegre Paraguaiko PLRA alderdiaren presidentearen esanetan, Poliziak gazte bat hil du tiroz, alderdiak Asuncionen duen egoitzan. Paraguaiko presidentea berriz hautatzeko prozesuaren aurkako protestetan izandako liskarren ondorioz joan dira agenteak egoitzara.

Hildakoa oposizioko alderdi nagusiko gazteen buruzagia zen Paraguain: Rodrigo Quintana. Poliziak ukatu egin du gertatutakoarekin zerikusirik duenik.

Agenteak alderdiaren lokalean bortizki sartu direla azaldu du Alegrek, Asuncion erdigunean, barruan zeuden manifestarien aurka tiro eginez. Horietako batzuk larri zauritu dira.

Paraguaiko presidentea berriz hautatzeko zuzenketa konstituzionalaren aurkako oposizioko burua da Alegre. Zuzenketa horren aurkako protestak ostiralean hasi ziren Asuncionen, eta liskarrak  sortu ziren erdigunean. Gainera, manifestariek Kongresu nazionalaren eremu bati su eman zioten.

Fernando Lugo presidente ohia berriz presidente hautatzeko zuzenketa konstituzionalaren proiektuaren alde bozkatu zuten 25 senatarik eta orduan hasi ziren liskarrak. Gainerako legegileek ez zuten bozketan parte hartu, ezta Roberto Acevedo Senatuko presidenteak ere.

Berrautaketaren kontrako protestak

Protesta bortitzenak ostiral arratsaldean hasi ziren Armen Plazan, Paraguaiko Kongresuaren alboan. Manifestariak eraikinean sartu ziren.

Suhiltzaileek Kongresuko sutea itzali zuten arren, kalte material ugari izan ziren.

Paraguaiko konstituzioak debekatu egiten du presidentea berriz hautatzea. Hori dela eta, Oposizioko alderdiek, Alderdi Liberalak batez ere, zuzenketa konstituzioaren aurkakoa dela argudiatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Albisteak