Mundua -
Frantzia
Penelope Fillon inputatu egin dute, ustezko lanpostu faltsuen harira
Antza denez, François Fillon hautagai kontserbadorearen laguntzaile gisa lan egin zuenean milaka euro irabazi zituen, baina inork ez zuen Asanblea Nazionalean sekula ikusi.
Agentziak | Erredakzioa
Penelope Fillon inputatu egin dute astearte honetan, iturri judizialek jakitera eman dutenez. Antza denez, François Fillon hautagai kontserbadoreak lanpostu faltsuak eman zizkien bere emazteari eta seme-alabei. Penelope Fillonek milaka euro irabazi zituen, baina inork ez zuen inoiz Asanblea Nazionalera joaten ikusi.
BFMVT Frantziako hedabideak jakitera eman duenez, François Filloni leporatutako hiru delitutan (funts publikoak bidegabe erabiltzea, gizarte ondasunen gehiegizko erabilera eta estalketa) gaizkide izan den argitu nahi du epaileak.
Martxoaren 14an, Frantziako lehen ministro ohia inputatu zuten, eta bi delitu egotzi zizkioten bere emazteari ustezko lanpostu faltsuak ematea egotzita: diru publikoa bidegabe erabiltzea eta bidegabeko jabetzea.
Frantziako hedabideek zabaldu dutenez, Penelope Fillonek milaka euro irabazi zituen Asanblea Nazionalean ustez bere senarraren laguntzaile gisa lan egin zuen urteetan. Dena dela, inork ez zuen inoiz bertan ikusi, eta bi akusatuek behin eta berriro esan badute ere ez zela irregulartasunik egon, oso xehetasun gutxi eman dituzte polemika horren inguruan.
Boto-asmoari buruz egindako inkestek bigarren itzulitik kanpo utzi dute Fillon. Ondorioz, Emmanuel Macron ministro sozialista ohiak eta Marine Le Pen ultraeskuindarrak izango omen dute Frantziako Presidentetzarako giltza.