Mundua -
Filtrazio historikoa
Afganistango gerraren sekretu ilunak, argitara
Wikileaks webguneak AEBetako Armadaren 92.000 txosten sekretu publikatu ditu. Besteak beste, terrorista suizidak ziren susmoan militarrek 200 zibil hil dituztela ziurtatzen dute.
Erredakzioa
Wikileaks webgune ospetsuak Afganistango gerrari buruzko 92.000 txosten sekretu lortu eta publikatu egin ditu. Horietan, ezkutuan zeuden hainbat informazio argitara eman ditu, hala nola operazio sekretuei buruzko eta biktima zibilei buruzko datuak.
Julian Assange aipatu webgunearen sortzaileak munduko hiru egunkari garrantzitsuenetakori aurreratu die txostenen edukia, eta ondoren bere webgunean ere publikatu ditu. Aipatu kazetak The New York Times (AEB), The Guardian (Erresuma Batua) eta Der Spiegel (Alemania) dira.
Sortu zenetik, Wikileaks webguneak hainbat filtrazio izan ditu. Adibidez, apirilean AEBetako Armadaren bideo sekretu bat publikatu zuen, eta horretan, soldaduak ikus daitezke Reuterseko argazkilari bat hiltzen.
David Leigh The Guardian egunkariko ikerketa saileko buruaren esanetan, "inteligentzia zerbitzuen historiako filtrazio handiena" izan litezke gaur Wikileaksek publikatutako 92.000 txostenak.
Txostenetan mota askotako edukiak daude, besteak beste operazioen deskribapenak, Afganistango politikariekin egindako elkarrizketak... NY Times egunkariaren iturriek ez dute zalantzan jarri txostenen egiazkotasuna.
Pakistan
Txosten batzuek 2004tik talibanak "armaz hornitzea, finantzatzea eta prestatzea" egozten diote Pakistango zerbitzu sekretuari. Dena dela, txostenek eurek argi uzten dute susmo hori ez dutela oraingoz frogatu.
Susmo horien arabera, gainera, baliteke Pakistanek konpromisoa hartu izana magnizidioen egileei laguntza logistikoa eta babesa emateko. Hilketen balizko helburuen artean Hamid Karzai Afganistango presidentea dago.
Nolanahi ere, idatziek deskribatzen dituzten ekintzetako gehienak (Karzairen hilketa, kasu) ez dira gertatu azkenean.
Operazio sekretuak
Halaber, txostenen arabera, AEBek Task Force 373 izeneko talde sekretua sortu dute. Haren helburua talibanen 70 buruzagi "atxilotzea edo hiltzea" da.
Afganistanen CIArekin lotura duten hainbat talde paramilitar ere badaudela eta haien operazio sekretuetan zibil asko hil direla ere ziurtatu dute.
Zibilen heriotzak
Soldaduen "portaera desegokien ondorioz" hildako zibilen kopurua egiaztatu gabe dago, baina ia 200 hiritar hil egin zituztela uste da. Beste 174 lagunek zauriak izan zituzten, soldaduek terrorista suizidekin nahastu zituztelako.
Etxe Zuriaren gaitzespena
Berehala gaitzetsi du Etxe Zuriak dokumentu hauen filtrazioa. James Jones Obamaren Gobernuko Segurtasun arduradunak esan duenez, "arduragabekeria" izan da testu horiek argitaratu izana.
Bere esanetan, datuen filtrazioak&' || 'nbsp; "arriskuan jarri ditu" estatubatuarren bizitzak.
"Wikileaksek ez du esfortzurik egin dokumentu hauen inguruan gurekin hitz egiteko", nabarmendu du Jonesek. Horrez gain, filtrazioaren berria hedabideen bidez jaso dutela azpimarratu du.
"Arduragabekeria larria dira filtrazio hauek, eta ez dute eraginik izango Pakistanekin eta Afganistanekin daukagun erlazioan".