Mundua -

AEB

Trumpen lehen porrota: Osasun legea bertan behera utzi behar izan du

Donald Trumpek hartu du erabakia, AEBko Ordezkarien Ganberan errepublikanoen osasun legea onartzeko beharrezko babesa ezin lortuta.

Kargu hartu zuenetik, porrotarik handiena jasan du Donald Trumpek

1:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBko presidente ohiaren osasun legea aldatzeko proposamena bertan behera utzi behar izan du Donald Trump AEBko presidenteak ostiral honetan, Ordezkarien Ganberan osasun lege berria onartzeko beharrezko babesa ezin lortuta.

“Bertan behera utzi dugu”, iragarri du Donald Trumpek, aurreikusitako lehen bozketa ordua heldu baino minutu batzuk lehenago. Lege berriaren bidez, errepublikanoek ‘Obamacare’ izenez ezaguna den legea deuseztatu eta ordezkatu nahi zuten.

Dena dela, Paul Ryan Ordezkarien Ganberako presidenteak lege berria onartzeko babes nahikorik ez duela  esan dio Donald Trumpi. Arrazoi horregatik, mailegu fiskalean oinarritutako osasun sistema behin behinean erretiratzeko erabakia hartu duela azaldu du AEBko presidenteak.

Kongresuko bi ganberetan errepublikanoek gehiengo osoa duten arren, kontserbadore batzuk aldaketa horren kontra agertu dira. Proposamen hori onartzeko, gehienez, 21 kidek kontra bozkatu zezaketen. Alabaina, 30 errepublikano inguruk sistemaren erreformaren kontra bozkatuko zutela esan zuten ostegunean.

Trump, beste erreforma bat adosteko prest

Beste alde batetik, etorkizunean AEBko osasun sistema ordezkatzeko beste erreforma bat adosteko prest agertu da Donald Trump. Gaur egun indarrean dagoen legea Barack Obamak ezarri zuen, 2010. urtean.

Trumpen arabera, “AEBk merezi duen osasun sistema izango du etorkizunean, ‘Obamacare’ legea lehertzen denean”.

Obamaren osasun sistema, indarrean

Bestalde, Paul Ryan Ordezkarien Ganberako presidenteak jakitera eman duenez,  Barack Obama AEBko presidente ohiak ezarritako osasun sistema indarrean jarraituko du, momentuz, aurrerantzean. Ildo horretatik, kontserbadoreek lege hori ordezkatzeko orduan akordioa lortzeko izan dituzten zailtasunen berri eman du.

“Obamacare sistema indarrean dagoen legea da, eta, aurrerantzean, hala jarraituko du”,  azaldu du Ordezkarien Ganberako presidenteak arratsaldean egindako agerraldian. Dena dela, sistema horren alde okerrena etortzeko dagoela ziurtatu du.

Zazpi urte ‘Obamacare’ legea ezarri zutenetik

Aurten zazpi urte bete dira ‘Obamacare’ izenez ezaguna den osasun legea indarrean jarri zutenetik. Lege hori deuseztatzea eta ordezkatzea Donald Trumpek AEBko hauteskunde kanpainan egindako promesik garrantzitsuenetako bat izan zen. Zehazki, mailegu fiskalean oinarritutako beste sistema bat sortu nahi zuten.

Osasun plan berriak 24 milioi pertsona osasun-asegururik gabe utziko lituzke AEBn. Kongresuko Aurrekontuetarako Bulegoak (CBO, ingelesezko sigletan) zabaldu duen txosten baten arabera, 2018an 14 milioi pertsona inguru geratuko lirateke aseguru medikorik gabe, eta, 2026an, 24 milioi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trump gaur