Mundua -
Erromako Itunak, 60 urte
Aita Santua: 'Europako identitatea dinamikoa eta multikulturala da
Europar Batasuna egiteko oinarriak finkatu zituen Erromako Itunak 60 urte bete ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Larunbat honetan, Europar Batasunak sortze-itunaren (Erromako Ituna)sinatzearen 60. urteurrenaren oroitzapena egingo du Erroman. Hogeita zazpi buruzagiak (Erresuma Batua ezik), euren batasuna aldarrikatu eta "Brexit"aren ostean elkarrekin jarraitzeko nahia azpimarratuko dute. Italiako hiriburua hartuta dago dagoeneko, eta mehatxu terroristaren eta istiluak sortzeko arriskuaren aurrean, segurtasun neurri sendoak aurreikusi dituzte.
Larunbat goizean, Campidoglioko Horazio eta Kuraziosen aretoan, Erromako Udalaren egoitzan, Erromako Itunen sinatzea gogoraraziko dute hirurogei urte geroago. Alemania Federalak, Belgikak, Frantziak, Italiak, Luxenburgok eta Herbehereak hartu zuten parte.
Herrialde horiek, II. Mundu Gerraren hamarkada bat geroago, areto horretan bildu ziren eta Europako Elkarte Ekonomikoa eta Energia Atomikoaren Europako Elkartea sortu zituzten. Egungo Europar Batasuna sortzeko prozesuaren hastapenak izan ziren horiek.
Efemeride honen oroitzapena egiteko, Erromak Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuak bilduko dituen goi-bilera informala hartuko du. Erresuma Batua ez da bertan egongo, lau egun geroago, kontinentearen deskonexiorako prozesua hasiko baita.
Miguel Angelek diseinatutako Campidoglio enparantzara helduko dira Europako buruzagiak 09:00etatik aurrera (08:00 GMT). Ordubete geroago, goi-bilera hasiko da eta etorkizuneko blokearen inguruko baterako adierazpen bat sinatuko dute.
Erromako goi-bilerak "Europar Batasun berriaren sormena" nabarmendu eta proiektu horren etorkizunaren eztabaidan parte hartu nahi du, Europako Batzordeko presidentearen, Jean-Claude Junckerren, hitzetan.
Europako goi-bilera eta sei protesta batera egingo dira. Zehazki, Hermanos de Italia ultraeskuindarren bi elkarretaratze eta Europar Batasuna eta bertako buruzagiak kritikatzeko hainbat elkartek deitu dituzten lau manifestazio.
Horren aurrean, Italiako agintariek segurtasun neurri sendoak jarri dituzte martxan. 7.000 agentek osatuko dute; poliziak, militarrak, istiluen kontrako poliziak, frankotiratzaileak, kontrolak kaleetan eta txakur-unitatea.
Francisco Aita Santua: Europako identitatea "dinamikoa eta multikulturala" da
Francisco Aita Santuak Europar Batasuneko buruzagien aurrean izan da gaur Vatikanon, eta esan duen arabera "Europako moduan pentsatu behar da berriro" eta gogorarazi dienez, Europako identitatea "identitate dinamikoa eta multikulturala da eta izan da beti".
Apezpikuaren esanetan, Europako historia "beste herrialde eta kulturekin egin diren bilerak" markatzen dute. Solidaritatea "populismo modernoen aurkako antidoto eraginkorrena" dela kontutan hartzeko eskatu dio Europari.
Batasunak bizi duen "migrazio-krisi larria" ere aipatu du, eta "zenbakizko, ekonomiko edo segurtasun arazo bat" bakarrik ez dela esan du, eta zein kultura proposatzeko egoeran dagoen planteatzeko eskatu die.