Mundua -
HERIOTZA
Milaka lagun bildu dira Irlandan, McGuinnessen hileta-elizkizunean
Martin McGuinness Ostiral Santuko Bake Akordioaren bultzatzailea izan zen. 1998an sinatutako akordio horri esker, bakea ezarri zen Irlandan.
Agentziak| Erredakzioa
Ostegun honetan milaka lagun bildu dira Irlandan, Martin McGuinness Ipar Irlandako lehen ministrorde eta Sinn Feineko kide historikoaren hileta-elizkizunean. Bertan, McGuinnesen aliatuek eta aurkariek urteotan egindako lana eskertu diote azken agurra eman aurretik. Besteak beste, Arlene Foster behin behinean Ipar Irlandako lehen ministroa izan da han.
McGuinness joan den asteartean hil zen, 66 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. Urtarrilean bere kargua utzi behar izan zuen, gaixotasun larriak jota. Irlandako banderarekin estali dute hilkutxa, eta, besteak beste, Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak eraman du.
Bertan nazioarteko zenbait ordezkari izan dira, besteak beste, Enda Kenny Irlandako lehen ministroa, Michael D. Higgins Irlandako presidentea eta Bill Clinton Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohia. Halaber, Arnaldo Otegi Sorturen idazkari nagusi eta EH Bilduren bozeramalea izan da Irlandan.
McGuinness Ostiral Santuko Bake Akordioaren bultzatzailea izan zen. 1998an sinatutako akordio horri esker, bakea ezarri zen Irlandan. “McGuinnessekin ia hamarkada batez lan egin ondoren, bere sendiari elkartasuna adierazi nahi diot”, azaldu du Arlene Fosterrek.
“Bere legatuarekin jarraitu nahi baduzue, berak hasitako lana bukatu ezazue”, ohartarazi die Clintonek hilketa-elizkizunera hurbildu diren milaka lagunei. Irlandako hauteskunde aurreratuak martxoaren 2an izan ziren, baina ordezkaritza lortu duten alderdi politikoek ez dute akordiorik lortu gobernua osatzeko.