Mundua -

Nazioarteko erreakzioak

Nazioarteko erakundeak eta gobernuak Hagako Auzitegiaren erabakiari buruz mintzatu dira.

Erredakzioak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NBE

Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari orokorrak Serbiako eta Kosovoko agintariei haien arteko ezberdintasunak "elkarrizketaren bidez" konpontzeko gomendioa luzatu die.

Horrez gain, bien arteko "elkarrizketa prozesua porrotera eraman dezaketen ekintzak eta probokazioak saihesteko" eskaera ere egin du Ban Ki-moon-ek.

EB

Hagako Auzitegiaren epaia "arreta handiz aztertuko" dutela ziurtatu du Catherine Ashton Europar Batasuneko Atzerri Politikako arduradunak. Hala ere, sententziak "fase berri bat zabaltzen" duela uste du Ashtonek, "etorkizunari begiratzeko".

Espainia

Espainiak Kosovoko independentzia onartu gabe jarraituko duela iragarri du Miguel Angel Moratinos Atzerri ministroak, baina Nazioarteko Justizia Auzitegiaren erabakiak "fase berri bati hasiera ematen" diola onartu du, Serbiarekin elkarrizketan oinarritua.

AEB

Bestalde, Kosovoren independentzia babestu du berriro AEBetako Gobernuak eta gainerako herrialdeei berdina egitea eskatu die. Hala ere, Auzitegiaren erabakia beste kasu batzuei aplikagarria ez dela erantsi du AEBetako Gobernuak.

Erabakia "Kosovoko gertakari propioetan oinarrituta dago. Auzitegiak gertakari horiek jazo ditu", Philip Crowley Estatu Departamentuko bozemaileak prentsaurrekoan azaldu duenez. Serbia

Serbiak ez du Kosovoren independentzia onartuko eta ez du herrialde horren aurrean mantendu duen jarrera aldatuko, Vuk Jeremic Atzerriko ministroak esan duenez.

"Serbiak ez du inoiz ere onartuko Kosovok 2008an egin zuen independentzia aldarrikapena", gaineratu du. "Egun zailak eta erronka garrantzitsuak datoz orain", azpimarratu du Hagako kazetarien aurrean.

Errusia

Errusiak ere ez du bere jarrera aldatuko, eta Kosovoren independentzia onartuko ez duela berretsi du gaur.

Albania

Albaniako Gobernuaren ustez, Hagako auzitegiak egin duen adierazpena "historikoa" da. Bakea lortzeko "ekarpen garrantzitsua" izan dela gaineratu du Albaniak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea