Mundua -
Nazioarteko Diru Funtsa
Bonba-gutun batek emakume bat zauritu du Parisen, NDFren egoitzan
Zauritua Nazioarteko Diru Funtseko langilea da, eta aurpegian eta eskuetan ditu zauriak, baina bere bizia ez dago arriskuan.
Agentziak | Erredakzioa
Nazioarteko Diru Funtsak Parisen duen egoitzan bonba-pakete bat lehertu da ostegun honetan, eta, horren ondorioz, zuzendaritzako laguntzaile batek zauriak izan ditu; izan ere, berak ireki du lehergaia zeraman paketea. Hala eman du jakitera BFM telebista-kateak.
Emakumeak zauriak ditu aurpegian eta eskuetan, baina bere bizia ez omen dago arriskuan, Aitzitik, ez dute pronostiko ofizialik eman bere egoerari buruz.
Leherketaren ondorioz eraikinean zeuden 150 pertsonak eraikinetik atera dituzte. Nazioarteko Diru Funtsaren egoitza Iena etorbideko 66. zenbakian dago, eta toki berean daude ere Munduko Bankuaren bulegoak.
Eztandaren lekura Polizia zientifikoko agenteak bertaratu dira gertaera ikertzeko asmoz. Hartara, polizia-iturriek jakinarazi dutenez, lehertu den gailua "30 zentimetro inguruko zilindro beltz bat izan da", eta eztandaren hedatze-uhinak bulegoko sabaiari ere eragin dio.
François Hollande Frantziako presidentearen aburuz, gutunaren leherketa "atentatu bat izan da". "Atentatu bat da, ez dago beste definiziorik", nabarmendu du.
Bere aldetik, Christine Lagarde NDFko zuzendariak adierazpenak egin ditu Frankfurten (Alemania), eta atentatua gaitzesteaz gain, Parisko langileekin harremanetan egon dela esan du. "Biolentziazko ekintza koldar hau kondenatzen dut, eta gure NDFk egiten ari den lanarekin jarraituko duela berresten dut". "Frantziako agintariekin harreman estuan gaude gertaera hau ikertu eta gure langileen segurtasuna bermatzeko", adierazi du ohar baten bidez.