Mundua -

Hauteskundeak

Parte-hartzea 2012koa baino 8 puntu handiagoa izan da Holandan

Wilders ultraeskuindarra eta Rutte egungo lehen ministroa dira faboritoak. Eraso informatikoa jasateko arriskua dagoela uste dutenez, zenbaketa eskuz egitea erabaki dute.

Herbehereak hasi dira bozkatzen

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Parte-hartzeak 8 puntu gora egin du Holandako Parlamentua aukeratzeko asteazken honetan egiten ari diren hauteskundeetan. 17:45ean, parte hartzea %82koa zen, 2012ko hauteskundeetan ordu berean baino 8 puntu gehiago (%65).

Ipsos agentziak kaleratutako informazioaren arabera, 2012 irailaren 12an egindako hauteskundeetan ordu berean bildutako datua baino asko ere esanguratsuagoa da. Gainera, joera hori gora doala berretsi du agentziak.

Goizeko 07:30ean hasi da hauteskunde-eguna

Holandako hauteslekuek ateak zabaldu dituzte gaur, asteazkena, 07:30an, hauteskunde erabakigarriei hasiera emateko, 12,6 milioi hiritarrek hurrengo gobernu holandarra erabakitzeko aukera baitute.

10.000 zentro baino gehiago daude herrialdean, eta 21:00ak arte izango dira zabalik. Ordu horretan, behin betiko zenbaketari ekingo diote.

Edonola ere, hauteslekuetan egindako inkestak zabalduko dituzte egunean zehar, eta 21:30ak aldera, behin behineko emaitzen berri emango dute.

Errusiarrek eraso informatikoa egiteko arriskua dagoela uste dutenez, ordenagailuak ez dira Sarera konektatuta egongo eta zenbaketa eskuz egitea erabaki dute.

Egoera horrek, hortaz, behin betiko emaitzak ezagutzea atzeratuko du, aurreko hauteskunde-egunekin alderatuta, baina ziurtzat ematen dute gaur bertan jakitea.

28 alderdi politiko daude lehian, baina soilik lehen 13ek lortuko dute boto kopuru esanguratsua.

Geert Wilders ultraeskuindarraren Askatasunaren Alderdia (PVV) eta Mark Rutte egungo lehen ministroaren Askatasunaren eta Demokraziaren Alderdi Demokratikoa (VVD) dira babes handiena jasoko duten bi alderdiak, aurreko asteetako inkesten arabera.

Horien atzetik, Demokratak 66, GroenLinksen berdeak, PvdAren laboristak eta Dei Demokristianoa alderdiak (CDA) leudekete.

Ultraeskuindarrek benetako garrantzia har lezakete Europan Holandako gaurko hauteskundeen ostean. Gaurko bozketaren ostean, Frantziakoak eta Alemaniakoak egingo dira, leku horietan ere eskuinak gorakada garrantzitsua izan du.

Holandako hauteskunde sistemaren arabera, barrutia bakarra dago, eta zerrendak zabalik daude. Horren ondorioz, alderdiek akordioak egin behar izaten dituzte gobernua osatzeko, eta ez da batere ohikoa boto nahikoa lortzea besteen laguntzarik gabe gobernatzeko.

Holandako Parlamentuan 150 diputatu daude eta, agintzeko, 76 izan behar dira gutxienez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Batasun europarra Europa bideoak Herbehereak albisteak Albisteak