Mundua -
Gatazka Ekialde Hurbilean
Bakeaz hitz egin eta Etxe Zurira gonbidatu du Trumpek Mahmud Abas
Telefono bidez hitz egin dute, eta Ekialde Hurbileko gatazkari 'amaiera ematea' izan dute mintzagai, besteak beste.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trump AEBko presidenteak Mahmud Abas Palestinako presidentearekin hitz egin du gaur lehendabiziko aldiz, telefonoz, eta Ekialde Hurbileko gatazkari "amaiera emateaz" mintzatu dira, Israelekin akordio bat adostuta.
"(Trump) presidentea sinetsita dago bakea posible dela, eta, bere aburuz, bada garaia adostasun batera iristeko", eman du aditzera Etxe Zuriak ohar baten bidez.
"Akordio horrek israeldarrei eta palestinarrei bakea eta merezi duten segurtasuna ekartzeaz gain, eskualde osoan eta mundu osoan eragingo lukeela adierazi du Trumpek", ohar horren arabera.
AEBko presidente berriak hainbat alditan agertu du Ekialde Hurbilean bakea sustatzeko duen interesa; alabaina, Israelen alde egin ohi izan du, zeinarekin Obamak baino konplizitate gehiago duen.
Izan ere, Trumpek, duela hilabete bat inguru, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Washingtonera egin zuen bisitaldi baten kariaz, ateak ireki zizkion Ekialde Hurbileko gatazkaren konponbidea palestinarren estatu bat eratu gabe gauzatzeari.
Etxe Zuriak ez du aipatu palestinarrek eta arabiar munduak baztertzen duten aukera hori Abasi aurkeztu ote dion. Horren ordez, Trumpek adierazi du alderdi batek ezin diola beste alderdiari irtenbide zehatz bat "inposatu".
Oharraren arabera, Trumpek azaldu du AEBk ezin diela israeldarrei eta palestinarrei konponbide bat inposatu, ezta beste alderdietako batek besteari inongo akordiorik ere".
Bere aburuz, bake-hitzarmenak israeldarren eta palestinarren arteko "negoziazio zuzenaren" emaitza izan behar du. Gaineratu duenez, AEBk "lan estua" egingo du alderdi biekin "helburu horretarantz aurrerapausoak emateko".
Abasek, bere aldetik, azpimarratu du palestinarrek "bakearekiko konpromisoa" dutela "Israelen aldamenean Estatu palestinar bat ezartzeko aukera estrategiko gisa", Wafa agentziak zabaldu duen informazioaren arabera.