Mundua -

AEB

Ustezko telefono-entzuketak ikertzea eskatu dio Trumpek Kongresuari

Hauteskundeen aurretik bere deiak grabatu izana leporatu dio Obamari AEBko presidenteak.

Donald Trump AEBko Kongresuan agerraldia egiten. Artxiboko argazkia: EFE
Donald Trump AEBko Kongresuan agerraldia egiten. Artxiboko argazkia: EFE
Donald Trump AEBko Kongresuan agerraldia egiten. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak 2016ko hauteskundeak egin baino lehenago pairatu zituen ustezko telefono-entzuketak iker ditzala eskatu dio Kongresuari, eta argi dezala ea Barack Obamaren Gobernuak bere ahalmenen gehiegizko erabilera egin ote zuen. Hala eman du jakitera Sean Spicer Etxe Zuriko bozeramaileak.

"Donald J. Trump presidentea honako hauxe ari da eskatzen: Errusiaren jardunari buruz egiten ari den ikerketaren parte gisa, Kongresuko inteligentzia batzordeek euren ikuskaritza ahalmenak erabil ditzatela beso exekutiboak 2016an ikerketa-botereen gehiegizko erabilera egin ote zuen zehazteko", adierazi du Spicerrek ohar baten bidez.

AEBko presidenteak New Yorkeko Trump Dorrean bere deiak grabatzea agindu izana egotzi zion atzo Barack Obamari, frogarik aurkeztu gabe. Egintzak azaroan egin ziren hauteskundeen aurretik gertatu omen ziren; alabaina, Obamak erabat ukatu ditu egintza horiek.

"2016ko hauteskundeak egin aurretik balizko arrazoi politikoengatik egindako ikerketei buruzko informazioak oso kezkagarriak dira", azpimarratu du Spicerrek informazio horien jatorriari buruzko xehetasunik eman gabe.

Era berean, nabarmendu duenez, "Ez Etxe Zuriak, ez presidenteak ez dute adierazpen gehiago egingo ikusketa egiten den arte".

Trumpek, Twitter kontuaren bitartez, hauteskundeen aurretik bere deiak grabatu izana leporatu zion Obamari, bere kanpainaren egoitza izan zen eta bere izena daraman New Yorkeko eraikinean.

"Ikaragarria! Oraintxe jakin berri dut Obamak Trump Dorreko nire telefonoak pintxatuta zituela. Ez zuten ezer aurkitu. McCarthyismoa!", idatzi zuen Trumpek bere Twitter kontuan, muturreko eskuineko senatari horrek 50eko urteetan egin zuen "sorgin ehiza"ri erreferentzia eginez.

Obamak ukatu egin du

Bere aldetik, Barack Obama presidente ohiaren bozeramaile batek ukatu egin zuen Obamak Donal Trumpen komunikazioei entzuketak egitea agindu izatea.

"Ez Obama presidenteak, ez Etxe Zuriko inongo karguk ez zuten inoiz agindu Estatu Batuetako herritar baten gainean zaintzarik jartzerik. Kontrakorik dioen edozein iradokizun faltsua da", adierazi zuen Kevin Lewis Obamaren bozeramaileak ohar baten bidez.

Lewisek gaineratu zuenez, "Obamaren presidentetzako jarraibide nagusienetako bat zen Etxe Zuriko karguek ez zutela esku hartu behar Justizia Departamentuko inongo ikerketa independentetan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB argazkiak Albisteak Donald Trump