Mundua -

Kuba

Fidel Castro, telebistan lehen presoak askatu dituzten egunean

Bart lehen zazpi preso politikoak askatu dituzte, eta orain Espainiarako bidean daude, hegazkinez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fidel Castro Kubako presidente ohia telebistaz agertu da bart (Euskadiko ordua) berriro, hots, lehen zazpi preso politikoak askatu dituzten egun berean.

"Mesa Redonda" saioan egindako agerraldian, Castrok nazioarteko gaiak hartu ditu hizpide, "Ekialde Ertaineko gertakizun arriskutsuak" batik bat.

Antza denez, saioa aldez aurretik grabatutakoa izan da, beste estudio batean, gainera.

Fidel Castro laukidun alkandora batekin eta kirol txaketa batekin jantzita agertu da telebistan. Ahotsa ahula eta motela izan du, baina alai zegoen. Aurrean hainbat txosten izan ditu, eta irakurri egiten zituen datuak kontsultatzeko.

Saioaren hasieran, Kubako presidente ohiak bi Koreen arteko gatazka izan du hizpide. Ondoren, gainera, AEBek Irani eraso egingo baliote gerra nuklearra eragingo luketela ohartarazi du.

Hori bai, Kubako egoera ez du aztertu.

2006tik telebistan egindako agerraldiak

Gaixotasun baten ondorioz 2006an agintea Raul anaiaren esku utzi zuenetik, Fidel Castro zenbait alditan elkarrizketatu dute telebistan, 2007ko ekainean eta irailean hain zuzen ere.

Iazko abuztuan, Kubako telebista publikoak haren bideo bat erakutsi zuen, Venezuelako hainbat gaztek etxean bisitatu zutela eta.

Azken lau urteetan argazki asko publikatu dituzte, gehienbat Hugo Chavez Venezuelako presidentearekin batera.

Duela bi egun, Ikerketa Zientifikoen Zentro Nazionala (CNIC) bisitatu zuela jakinarazi zuten. Etxetik kanpo egindako lehen agerraldi publikoa izan zen 2006tik.

Lehen presoak, Espainiara bidean

Bestalde, Kubako Gobernuak askatzea promestu dituen 52 preso politikoetako lehen zazpiak libre daude jada, eta Espainiarako bidean daude hegazkinez.

Hain zuzen ere, Pablo Pacheco, Omar Ruiz, Antonio Villarreal, Julio Cesar Galvez, Jose Luis Garcia Paneque, Lester Gonzalez eta Ricardo Gonzalez Alfonso dira.

Askatutakoak 2003ko Udaberri Beltzean zigortutako 75 presoetako batzuk dira.

Espetxean jarraitzen dutenak lau hilabeteko epean askatuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea