Mundua -
Gertaera
68 pertsona artatu dituzte Hanburgoko aireportuan gas baten eraginez
Suhiltzaileen ustetan, gertatutakoa okerkeria bat izan daiteke; beraz, baztertu egin dute zantzu terroristarik egoterik.
Agentziak | Erredakzioa
Larrialdi zerbitzuek 68 pertsona artatu behar izan dituzte Hanburgoko (Alemania) aireportuan, aire girotuko sistemaren bitartez bertako instalakuntzetatik barrena zabaldu den "gas narritagarri" baten eragina jasan ostean. Hala eman dute jakitera suhiltzaileek, aireportuan egoera bere onera bueltatu denean.
Gertaeraren ondorioz, aireportua itxi egin dute tarte batean, eta horrek gertu dagoen Bremen hirira bi hegaldi desbideratzea ekarri du. Gainerako hegaldiak pistan bertan geratu dira aireratu gabe edota gunearen gainetik hegaka lurreratzeko baimena izan bitartean.
Bild egunkariaren arabera, pistan geldi egon behar izan duten hegazkin horietako batean Tabaré Vázquez Uruguayko presidentea zegoen, Alemanian egiten ari zen bisita ofiziala bukatu eta Finlandiara joateko asmotan zegoen, bihar bertan Sauli Niinistö Finlandiako presidentearekin elkarrizketatzeko.
Ohar baten bidez suhiltzaileek azaldu dute bederatzi lagun ospitalera eraman behar izan dituztela eta aireportua hustu egin behar izan dutela ordubete baino gehiagoz.
Der Spiegel astekariaren edizio digitalak jasotzen duenez, gertatutakoa okerkeria bat izan daitekeela uste dute suhiltzaileek; beraz, baztertu egin dute zantzu terroristarik egoterik.
Zenbait hedabideren arabera, eta betiere polizia iturriak aipatuta, piperrauts-gasa edota antzeko substantziaren baten kartutxoa aurkitu dute aireportuko zakarrontzi batean.
Eguerdia pasatu ostean, hainbat bidaiari kexu izan dira arnasa hartzeko arazoak eta begiak narritatuta izateagatik, eta, horren kariaz terminalak behin-behinean husteko erabakia hartu dute.