Mundua -
Frantzia
26 atxilotu, bortxaketaz akusaturiko polizia baten aurkako protestetan
Erasoa jasan zuen gazteak ospitalean jarraitzen du, zauri larriekin. Agente batek borra sartu zion ipurdian. Hollandek bisita egin dio gazteari, eta animoak eman.
agentziak
26 pertsona atxilotu dituzte asteartean, 22 urteko gazte bat bortxatzea eta horren hiru lagunei eraso egitea egotzi dioten poliziaren aurkako protestetan. Sexu erasoa zein beste erasoak aurreko astean gertatu ziren, Parisko ipar-mendebaldean, agenteak miaketa bat egiten ari zirela.
Astelehenetik astearterako gauean istilu berriak izan ziren Aulnay-sous-Bois komunan, Ile-de-Francen. Han izan ziren, hain zuzen, gertaerak aurreko ostegunean. Theo izenez identifikatu duten gazte batek Poliziako hainbat agenteren erasoa pairatu zuen, zabaldu du Le Parisien hedabideak.
Gazteak salatu duenez, bizkarrez atxilotuta zuten bitartean, agenteetako batek borra sartu zion ipurdian. "Eskuak bizkarrean ipintzeko eskatu zidaten eta, eskuak lotuta nituenean, jesartzeko esan zuten. Negar eragiteko gasa bota zidaten, baita jo ere, eta jesarri nintzenean min handia sentitu nuen ipurdian", azaldu du, BMFTV telebista kateak aipatutako adierazpenen arabera.
26 atxilotuoi jabego pribatuari kalte egitea leporatu diete. Prefekturak, gainera, 23 edukiontzi kiskalita zenbatu ditu, hamaika auto ere bai, eta lokal bat.
Theo erasoen biktimak ospitaleratuta jarraitzen du, larri zauriekin ipurdian.
Hollanden bisita
Françoise Hollande Frantziako presidenteak bisita egin dio ospitalean erasoa jasan duen gazteari, Eliseoak Twitterren duen kontu ofizialean argitaratu duenez.
"Theo duintasunez eta erantzukizunez erantzun du. Konfiantza izan behar da Justizian. Azkeneraino helduko da", esan du Hollandek aipatutako sare sozialean.