Mundua -
Amnistia Internazionala
Siriako kartzela batean 13.000 pertsona urkatu dituztela salatu du AIk
GKEak azaldu duenez, hildako gehienak Baxar al Assaden aurkakoak ziren. Hilketak 2011 eta 2015 bitartean egin zituzten, Saydnaya espetxean, taldeka.
agentziak
13.000 pertsona inguru, gehienak Baxar al Assaden Gobernuaren aurkakoak, urkatu dituzte 2011 eta 2015 bitartean, Saydnaya Siriako espetxean, Amnistia Internazionalak argitaratu berri duen txosten batean salatu duenez. Antza, astero 50 bat presoz osatutako taldeak ateratzen zituzten, urkatzeko.
'Giza hiltegia: urkatze masiboak eta sarraskia Saydnaya espetxean' deitutako txostenean, Amnistiak dio Siriako Gobernuak bizi baldintza krudelak inposatzen dizkiela Saydnayan preso dauden pertsonei, etengabeko torturak egin, eta elikagaiak, ura, sendagaiak eta arreta medikua kenduta, horietako askoren heriotza eraginda.
Organizazioak salatu duenez, horren moduko ekintzak gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak dira, eta Al Assaden Gobernuak baimendu dituela azpimarratu du.
"Txostenean agertutako izugarrikerietan Gobernu siriarrak baimendutako kanpaina lazgarria ikusten da, Siriako herritarren artean edonolako disidentzia ezabatzeko asmoz", esan du Lynn Maalouf Amnistia Internazionalek Beiruten duen ikerketa taldeko ondoko zuzendariak.
"Saydnayan eta Gobernuaren esku Sirian dauden gainerako espetxeetan egiten diren prozesu judizialetatik kanpoko exekuzioak, tortura eta tratu ankerrak berehala etetea eskatzen diegu agintari siriarrei", adierazi du. "Errusiak eta Iranek, Gobernuaren aliatu nagusiek, presioa sartu behar dute horren moduko politika hiltzaileak eteteko".
Halaber, Maaloufen esanetan, txostenean agertutako krimenak hilabete honetan Ginebran ospatzekoak diren Siriaren bake-elkarrizketetan aztertu beharko lituzkete; "eguneko gai-zerrendan Gobernu siriarraren espetxeetan egiten diren lazgarrikeriak etetea sartu" beharko luketela, hain zuzen.
Horren ildotik, "Saydanayan egiten ari diren krimenen gaineko ikerketa independentea berehala egitea" eta "begirale independenteak espetxeetan sartzen uztea" eskatu dio Amnistiaren ordezkariak NBEri.
Urtebeteko ikerketa
Txostena egiteko urtebete eman dute ikertzen GKEan, 2015eko abendutik 2016ko abendura. Tarte horretan, 84 lekuko elkarrizketatu dituzten, besteak beste, presoak, epaileak, abokatuak, Saydnayako funtzionario eta guardia ohiak, baita Siriako askatasunetan adituak ere, bertakoak zein nazioartekoak, Amnistia Internazionalak azaldu duenez.
Izan ere, 2016ko abuztuan plazaratu txosten batean, erakundeak esan zuen 2011an krisi siriarra hasi zenetik, 17.000 bat pertsona hil direla hango espetxeetan, bizi-baldintza ankerrak eta torturaren ondorioz.
Alabaina, GKEak argitu duenez, kopuru horretan ez daude sartuta orain ezagutu berri dituzten 13.000 heriotzak.
Inolako bermerik gabeko prozesuak
Erakundearen hitzetan, espetxe horretan urkatzeko zigorra jasotzen zutenek "ez zuten epaiketa baten antzeko ezer izan", baizik eta hil baino lehen "bat edo bi minutuko prozesu arin bat egiten zitzaien, Kanpainako Auzitegi Militarra izenez ezagutzen dena".
"Prozesu horiek hain dira arbitrarioak ezin daitekeela esan prozesu judiziala denik", azpimarratu du Amnistia Internazionalak.
Auzitegi militar bateko epaile ohi batek azaldu duenez, prozesu horietan "izena eta delitua egin ote duen" galdetzen zaio atxilotuari. "Erantzuna edozein izanda ere, erruduntzat jotzen dute", zehaztu du. "Ez da auzitegia, eta ez du zerikusirik zuzenbide estatuarekin".
Sarraskirako politikak
Bestalde, GKEaren hitzetan, preso kopuru handi bat "sarraski politiken" ondorioz hil da, esaterako, etengabeko torturak eta elikagaiak, ura, sendagaiak eta arreta medikua kentzea.
Presoetako askok adierazi zuten bortxatu eta, kasu batzuetan, beste preso batzuk bortxatzera behartu zituztela. Torturak eta jipoiak ohiko zigorrak dira, eta askotan behin betiko lesioak eragiten dituzte, gaitasungabetzea eta heriotza.