Mundua -
Estatu Batuak
Teknologia konpainia erraldoiak, Trumpen migrazio-politikaren aurka
Apple, Facebook, Google eta Microsoft bezalako konpainiek auzitegira jo dute, Donald Trumpek errefuxiatuei eta migratzaileei AEBtan sartzeko ezarri duen debekuaren aurka.
Agentziak | Erredakzioa
Estatu Batuetako teknologia konpainia nagusiek, tartean Apple, Facebook, Google eta Microsoft, bat egin dute Donald Trumpek abian jarritako migrazio-politika polemikoaren kontra, hango komunikabideek jakinarazi dutenez.
The Washington Post egunkariaren arabera, 97 enpresek sinatutako idatzia bart aurkeztu dute San Frantziskoko Apelazio Auzitegian. Netflix, Twitter eta Uber bezalako enpresak ere ageri dira agiriaren sinatzaileen artean.
Ez da ohikoa horrelako konpainia handiek gisa honetako ekinbide bat abiaraztea eta honek guztiak erakusten du "Trumpen debekuak zenbaterainoko haserrea" eragin duen Silicon Valleyn, teknologia enpresen Mekan, dio aipatu egunkariak.
Urtarrilaren 27tik mundu osoko errefuxiatuek eta Libia, Sudan, Somalia, Siria, Irak, Iran eta Yemengo herritarrek Estatu Batuetan sartzea debekatuta zuten.
Alabaina, joan den ostiralean James Robart epaileak Donald Trumpen betoa behin-behinean indargabetzea erabaki zuen, dekretu polemikoa zorrotz aztertu eta azken erabakia hartu bitartean.