Mundua -

Tiroketa Quebecen

Sei hilketa leporatu dizkiote Quebeceko ustezko erasotzaileari

Atxilotua 27 urteko kanadarra da. Oraingoz ez dute frogatu eraso terrorista izan zen ala ez.

Alexandre Bissonnette Quebeceko erasoaren ustezko egilea. Argazkia: Reuters
Alexandre Bissonnette Quebeceko erasoaren ustezko egilea. Argazkia: Reuters

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kanadako Poliziak hamaika kargu leporatzen dizkio Quebeceko meskita baten kontrako tiroketaren ustezko egileari. Atxilotua Alexandre Bissonnette 27 urteko kanadarra da.

Agintariek lehen graduko sei hilketa delitu eta beste bost hilketa saiakera delitu leporatu dizkiote atxilotuari, CBCk zabaldutako informazioaren arabera. Alexandre Bissonnette atzo igaro zen epailearen aurretik, baina oraindik erasoaren inguruko zantzu gehiago biltzen ari direla eta, otsailaren 21ean berriz ere epailearen aurrera agertu beharko du.

Bissonnettek Poliziari dei egin zion igandeko erasoa berak egin zuela aitortzeko. Hasiera batean beste gizonezko bat ere atxilotu bazuten ere, lekukoa dela ebatzi du Poliziak.

Tiroketa Quebecen 22:40ak zirenean hasi zen, meskita batean. Erasoaren ondorioz, sei pertsona hil eta beste zortzi lagun zauritu ziren, horietako sei egoera larrian, agintariek egindako azken balantzearen arabera. Tiroketa hasi eta ia hiru ordu geroago egoera "kontrolpean" zegoela ziurtatu zuen Kanadako Poliziak.

Bestalde, Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak musulmanen kontrako egindako eraso terrorista izan dela adierazi du. Hala ere, oraindik ez dute frogatu eraso terrorista izan ote den ala ez. "Lazgarria da justifikaziorik ez duen biolentzia ikustea" esan du ohar batean lehen ministroak. "Dibertsitatea gure sendotasuna da. Tolerantzia erlijiosoa kanadar guztiak errespetatzen dugun balioa da", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak Kanada azken ordukoa